Galbaixotarren Egunak jendetza erakarri du Mutrikuko Galbaixo gainera
Aurreko asteko jai egunen ondoren, Galbaixoetako azken jai eguna ospatu zuten atzo [irailak 22] mutrikuarrek: Galbaixotarren Eguna.
Eguraldia lagun, herritar eta auzotar asko igo ziren Galbaixo gainera, jai eguna lagun eta senide artean igarotzera. “Egun mundiala izan zen. Guk ere ez genuen espero hainbeste jende. Plaza gainezka egon zen bai goizean zein arratsaldean. Oso pozik gaude”.
Aurten bigarrenez argazki zaharren erakusketa egin dute, eta jai batzordeko kideek nabarmendu dutenez, arrakastatsua izan zen. “Eduki zuen arrakasta ikusita, eta jendearen eskaerak kontuan hartuta, goizean ez eze, arratsaldean ere argazkien erakusketa egin behar izan genuen”. Asko izan ziren auzoko argazki zaharrak ikustera hurreratu zirenak. Baita argazkietan agertzen diren leku eta pertsonei buruzko datuak eman zituztenak ere. . Sei paneletan banatuta, 60 argazkitik gora batu zituzten hiru auzoetako bizilagunek. Irudiz irudi lehengo eta oraintsuagoko galbaixotarren izaera islatzen jaiak, ohiturak edota paisaiak ikusteko aukera egon zen.
Gure Ametsa dantza taldeko hemezortzi dantzarik “ileak tente ipintzeko moduko” saio polita eskaini zuten. Jarraian omenaldia egin zuten. Azken urteotan auzotarren bat omendu izan dute bertokoentzat hain berezia den egunean, eta aurten, jai batzordean eta txosnan laguntzen ibiltzen diren auzoko emakumeei egin diete aitortza, emozioz beteriko ekimenean. “Jai batzorde berriarekin batera lanean jarraitzen duten emakumeei omenaldia egin nahi izan diegu, esker onez. Beterano asko erretiratu egin ziren, baina hauek gurekin batera jarraitzen dute”. Honakoak izan ziren omenduak: Erdikua baserriko Belen, Ibiri baserriko Mari Carmen, San Blas baserriko Mari Carmen, Eizarre baserriko Ana Mari, Aitzeta baserriko Josefina eta GaztaƱei baserriko Rosario.
Goizeko ekintzen ondoren, umeek ere gozatzeko tarte ugari eduki zituzten arratsaldean. Beti-betiko jolasak egin zituzten, eta Julen magoaren ikuskizunak plaza bete-bete egin zuen. I. Bola Txapelketak ere arrakasta handia izan zuela azpimarratu dute. “Ikusle asko batu zuen txapelketak. Petrila, esaterako, jendez bete zen”. 23 lagunek parte hartu zuten, eta Felix Gomez Baltza eibartarra izan zen denetan onena.
Eguna jaietako zozketa eginaz amaitu zuten. 600 euro lehen saria 3220 zenbakiarentzat izan da (ordezkoa 4523). 200 euro bigarren saria, berriz, 1230 zenbakiarentzat izan da (ordezkoa, 2385).