Amaitzear da 42. Euskal Zine Bileran parte hartzeko aukera
Azaroaren 23tik 30era bitartean ospatuko da aurten Lekeitioko Euskal Zine Bilera. Zine bileraren webgunean dituzte interesatuek lehiaketaren oinarriak eta izen emate orria.

42. Euskal Zine Bilerara proposamenak aurkezteko epea amaitzear dago eta film sortzaile, artista eta zinegile guztiei parte hartzeko gonbidapena zabaldu diete antolatzaileek. Euskal Zine Bilerako lehiaketa, euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa dela gogora ekarri dute, “euskal ikus-entzunezkoen erreferente”.
Lekeitioko 42. Euskal Zine Bilera azaroaren 23tik 30era bitartean ospatuko da aurten. Euskara eta zinema batzen dituen jaialdiak, Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen atal ezberdinak bilduko ditu zinemako profesional eta zaleak biltzeko gunea eraikiz. Deialdira aurkezten diren lanen artean 20 izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuagaz 200 euro jasoko dituzte. Hauek izango dira EZB sarituko dituzten arloak:
- Zuzendaritza onena: 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
- Gidoi onena: 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
- Film onena: 1.900 euro eta Urrezko Antzarra.
- Ikusleen saria: 750 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Zine Bileraren webgunean dituzte oinarriak eta izen emate orria. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 30ean amaitzen da.