Andra Mari jaien balorazio positiboa egin du Ondarroako kultur batzordeak
Oro har, jaien balorazio ona egin dute, Andra Mari jaiak egunez bultzatzea eta indartzea betetzen ari delako
Kultur batzordean batutako herriko taldeetako ordezkariek eta udaleko bi taldeetako ordezkariek jaien balorazioa egin dute, jaiak igaro eta hilabetera. Oro har, jaien balorazio ona egin dute, Andra Mari jaiak egunez bultzatzea eta indartzea betetzen ari delako. “Bertaratutako gehiengoak egunez jende asko ibili zela eta kaleetan giro polita ikusten zela azpimarratu zuen”.
Estropadetan, esaterako, giro aparta egon zela agertu dute. “Zapatuan eguraldia lagun izateak eta jarritako azpiegitura guztiek horretan lagundu zuten, arraun elkarteak bizi duen momentu onak bultzatutako zalegoaz gain. Hurrengo eguneko ETE ligako estropadan ere jendea hurbildu zen kai musturrera, eguraldiak lagundu ez arren”.
Kortxeleko Mamuak, Dantzarteren dantza emanaldia, danborrada, Bentazaharreko neska-mutiko alaiak, Falcons de Vilafranca taldearen ikuskizuna, umeen eta nagusien kukaƱak, Kuadrilla Eguneko bazkaria, bertsolariak, Kafeatzen egindako erromeriak eta Itsasaurreko kontzertuak oso ondo baloratu dituzte antolakuntzan ibili ziren taldeetako ordezkariek eta udal arduradunek. Guztietan herritar askok parte hartu zuela -eta, pozik agertu da Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotzia.
Zer hobetu badagoela ere adierazi dute. Besteak beste, Andra Mari egunean herriko txistulariek goizean egin behar zuten kalejira bertan behera geratu zen, “materiala gordeta zeukaten gelako giltza ez zelako agertu egon behar zen lekuan”. Udal ordezkariek agertu dutenez, umeen parkean, eta legedia betetze aldera (distantziak, segurtasun lotuneak…), saio bakoitzeko puzgarri gutxiago ipini behar izan zituzten. Zezensuzkoa ere ez zen atera, enpresak arazo bat eduki zuelako. “Hurrengo egunean egin zen zezensuzkoa, eta egun aldaketaz ohartarazteko bandoa pasa zuten udaltzainek”.
Andrabandako kideen esanetan abuztuaren 14 iluntzeko kalejira ez zen agertu jaietako egitarauan, “beraiek berandu ibili zirelako”. Hori bai, azpimarratu dutenez, giro oso onean egin zuten ekintza. Oihan Vega DJaren emanaldia, berriz, eten egin behar izan zuten momentu batez, norbaitek izotza jaurti ziolako.
Irina Alkorta Bedialauneta berdintasun zinegotziak ere Emakumeen Kontseiluan jaiei buruz egindako balorazioa ere eman du jakitera. “Jaien testuinguruan eraso sexistak areagotu egin daitezkeela ikusita, azken urteetan modura, aurten ere Emakume Kontseilutik eta mugimendu feministatik jaien testuinguruan ematen den indarkeria sexista prebenitzeko hainbat jarduera eta tresna jarri ziren martxan jaiei begira”.
Hala, uztailean, txosnaguneekin elkarlanean, protokoloa berraztertu eta eguneratu egin zuten, igaro diren jaietan zein aurrera begira martxan jartzeko. “Horrekin batera, tabernariek errealitate honetan daukaten arduragatik, protokoloaren sozializaioa ere egin genuen beraiekin, inplikazioa bilatzeko helburuagaz eta herriko tabernetan ere protokoloa martxan jarri zedin”. Berritasun modura, eraso sexisten arretarako telefono zerbitzua ere abiatu zuten.
Esan dutenez, protokoloa behin aktibatu behar izan zuten. Musika Plazako txosnetan musika itzali eta bozgorailuetatik mutil bati jaigunetik joateko eskatiu zitzaion gau batean. “Protokoloa martxan jarri eta berehala amaitu zen arazoa”.
Protokoloaren lanketaren bitartez, beste hainbat jarduera eta tresna ere jarri ziren abian eraso sexistak saihestu eta erasorik gabeko jaiak lortzeko: indarkeria sexistarik gabeko gunea, Billurrak guaz jai! zapien banaketa, jaien bezperan egindako elkarretaratzea… Alkortak azpimarratu duenez, jaietarako ipinitako telefono zerbitzuan ez dute deirik jaso. “Baina horrek ez due esan nahi erasorik eman ez denik. Horregatik, hurrengo urteetara begira arreta telefonoa mantendu eta sozializatzen jarraitu behar dugula uste dugu. Ez dugu aipatu barik laga nahi norabide berean lanean diharduen Hezkidetza Proiektua ere; hezkidetzatik urteetan egiten den lanketaren emaitza ere badirelako herrian egin diren aurrerapausoak”.