Nekazal Azoka jendetsua ospatu dute Ispasterren
Zapatuan [irailak 21] elkartu ziren herritarrak Nekazal Azokan, eta Garbiñe Saenz de Buruaga alkateak adierazi duenez, baliteke inoiz baino jende gehiago elkartu izana.
Nekazal Azoka ospatu zuten ispastertarrek zapatuan [irailak 212], eta Garbiñe Saenz de Buruaga herriko alkateak jakitera eman duenez, ekitaldi arrakastatsua izan da aurtengoa: “Jende andana hurbildu zen, ausartuko nintzake esatera inoiz baino pertsona gehiago etorri zirela”.
11:00etan ireki zituzten artisauek postuak, eta beraiekin hitz egin ostean “salmentak ikusita oso pozik” gelditu zirela esan du alkateak. Artisau askok lehen urtea izan dutela gaineratu du. “BBK-Kutxabankek utzitako 20 bat postu eta hiru karpa izan genituen”. 15:00ak arte okel errearen dastaketaz gozatu zuten bertaratutakoek, “baina baita solomo eta hiruguarraz ere”. Baserritarrak ere beraien animalien erakusketekin “pozik” azaldu ziren. Eguraldia lagun izan zuten ispastertarrek zapatuan, eta horrek “jendea animatu” zuen, izan ere, euria egingo zuela iragarrita zegoen, baina eguna ateri mantendu zen.