Urko ibaia garbitu dute etxebarritarrek
Herriko guraso elkarteak eta gazte asanbladak antolatuta Plastikoaren inguruko kontzientziazio asteburua eduki dute. Espero baino zabor gehiago atera dute errekatik.

Zabor ugari batu dituzte etxebarritarrek herria zeharkatzen duen Urko ibaian. Herriko guraso elkarteak eta gazte asanbladak antolatuta plastikoen inguruko kontzientziazio asteburua eduki dute, eta plastikoak eragindako kalteen inguruko dokumentala ikusi eta hitzaldia entzuteagaz gainera, lanean jarri dira herritarrak, ingurumenaren mesede.
Herritar askok, ume, gazte eta heldu, erantzun zioten guraso elkarteak eta gazte asanbladak egindako deialdiari. Hori dela eta, taldeetan banatu eta erreka guneka garbitzeko aukera eduki zuten. Domekako [irailak 22] goiz osoa eman zuten errekan sartu eta hondakinak ateratzen.
Futbito zelaiaren osteko eskaileretatik jaitsi eta herri osoa zeharkatu zuten erreka bazterrak garbituz Ibaungo askaldegiraino. Bide gorria hartu zuten gero, eta ia-ia Antsotegira arte ailegatu ziren. Antxiko zubia igaro eta iturriaren inguruan zabor ugari aurkitu zituzten, eta beraz, gune hori garbituta amaitu zuten garbiketa.
Kanpotik ez zuten horrenbeste zabor ikusten, baina errekan sartuta, barruan asko zegoela azaldu dute, espero zutena baino gehiago. Kristalak, plastikoak, paperezko mokozapiak, zapi bustiak eta arropak atera zituzten errekatik besteak beste.
Aurtengoa ez da etxebarritarrek erreka garbitzen duten lehenengo aldia. Aurretik ere ibili dira ume eta gurasoak lanean, eta aurten gazteak ere batu zaizkie. Errekak izaten duen egoera ikusita, hurrengo ere errepikatuko dutela aitatu dute.