Eraberrituta datoz Arretxinagako San Migel jaiak
Egueneko [irailak 26] txupinagaz hasi eta mahai gainekoagaz amaituko dira domekan [irailak 29] jaiak. Azpiegitura eta ekimen berriak estreinatuko dituzte, ohitura zaharrei ere jarraipena emanez.
Ohitura zaharrak eta berrikuntzek bat egingo dute aurten Arretxinagako sanmigeletan. Jaiekin batera hasiko dira Xemeingo udaletxe zena berriro ere erabiltzen. Egueneko [irailak 26] txupinazoagaz hasi eta mahai gainekoagaz amaituko dira domekan [irailak 29] jaiak.
Iaz, lanak zirela eta ezinezkoa izan bazuten ere, eraikineko obra amaituta, beheko parte biak erabiltzeko aukera edukiko du aurten, Arretxinagako Jai Batzordeak. Besteak beste, Arkupea erabilgarri edukiko dute. Txosna bat jarri izan dute bertan hainbat urtez, eta aurten ere, moldaketa batzuekin, bertan jarri ahalko dute barra, sarrera nagusiaren parean. Horrez gain, bi lokal ere edukiko dituzte eskura: jai batzordea biltzeko erabiliko duten lokala eta herriko eragile desberdinentzako erabilgarri egongo den sukaldea.
Markina-Xemeingo Udalak ere, karpa eta txosna bat jartzea proposatu du aurtengo jaietarako. Jai Batzordeak bi karpa muntatzen zituen lehen, orain, aldiz, karpa erraldoi bat egongo da plazan eta bere azpian, iturriaren ondoan, ezarriko dute da ekintza ezberdinetarako agertokia. Eraikinaren aurrean kokatuko dute, berriz, bigarren txosna.
Probalekua, Arretxinagako bereizgarrietako bat, bestalde, libre geratuko da, ekimen ezberdinak egin ahal izateko.
Ingurunearen itxura aldatuta egongo bada ere, jaiek betiko izatea mantenduko dute. Are gehiago, antzinako ohitura bat berreskuratuko dute aurten. Izan ere, San Migel Eguna domekaz egokitu denez, Markina-Xemeingo Udaleko hiru ordezkarik –alkateak eta bi zinegotzi– eta Xemeingo Batzordeak aukeratutako beste hiruk Arretxinagako zubi zaharrean bat egingo dute, aginte makilak trukatu eta txistulari, trikitilari eta dantzariek lagunduta baselizarainoko bidea osatuko dute.
Adin guztientzat. Rock kontzertuak ere berreskuratuko dituzte aurten Arretxinagan. Iaz ezinezkoa izan zuten erakinaren lanak zirela eta, baina aurten kontzertuen gaua itzuliko da jaietara.
Alderantziz, hamaika urte eta gero, mendi bizikleta martxa luze eta laburra ez dira egingo, baina BTT Herrikoia mantenduko dute. Horrela, zapatu goizean, Arretxinagako plazatik irtengo dira txirrindulariak inguruetako bideetan zehar buelta bat emateko.
Azken urteetan legez, XI. Tortilla Txapelketa ere lehiatuko da. Parte hartzaileek etxetik eginda ekarri behar dituzte, eta irabazleak bi lagunentzako bazkaria eramango du sari modura.
Zapatu arratsaldea, batez ere umeei begirakoa izango da; pailazo ikuskizuna, jolasak eta tailerrak edukiko dituzte aukeran, eta zelan ez, horren gustuko dituzten buruhandiek ere eragingo dituzte aringa-aringaldi batzuk.
Xabier Amorrortu Petraren slackline ikuskizuna ere berezia izango dela jakitera eman dute. Soka gainean, 12 metroko alturan, ibiliko da elorriarra.
Herri afaririk ez, baina pintxo pote berezia antolatu dute zapatu iluntzerako. Tabernetan, tragoagaz batera pintxo txikiak aterako dituzte, iluntzea alaitzeko.
Rockagaz gainera, beste estilo batzuetako musikak ere alaituko ditu jaietako eguerdi eta iluntzeak. Oxabi eta lagunak, Mirari, Aintzane eta Guilleren erromeria eta azken aldian entzute handia lortu duen Puro Relajo taldeagaz gozatu ahalko da Arretxinagan.
Eta jaiak borobiltzeko, herri kirol eta bertsolarien saio konbinatua eta Zoaz Pake Santuan produkzio ezaguna ere egongo da, Mikel Laskurain eta Ane Gabarain aktoreekin.
San Migel Eguneko dantza ezagunak ere ez dira faltako: Xemeingo Ezpata Dantza eta Mahai gainekoa. Mahai gainean dantzan emango diete aurten amaiera jaiei.