Mutrikuko pentsiodunek manifestazioa egingo dute urriaren 1ean
Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaren harira, protesta astelehenean egin ordez martitzenean egingo dute. Herriko pentsiodun eta herritar guztiak elkarretaratzean eta manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Herriko pentsiodunen plataformak deituta, pentsio duinak eskatzeko manifestazioa egingo dute martitzenean [urriak 1] Mutrikun. Protesta, hain zuzen ere, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dutela azpimarratu dute plataformako kideek.
Hitzordua, ohi modura, 12:00etan ipini dute Goiko Plazan. Lehendabizi, ordu laurden inguruko elkarretaratzea egingo dute Goiko Plazako eskaileretan, eta ondoren, manifestazioa egingo dute kalez kale. Pentsiodunen eskaerak kalera atera nahi dituzte, eta pentsiodun askoren egoerak bere larritasunean jarraitzen duela gogoraraziko dute. Besteak beste, Europako Gutun Sozialaren irizpideak jarraituz gutxiengo pentsioa 1.080 eurokoa izatea, emakume eta gizonen pentsioen arteko arrakala gainditzea edo erakundeei pentsio duinak eta pentsio sistema publikoa defendatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatuko diete.
Herriko kaleak gurutzatu ondoren, Goiko Plazan amaituko dute protesta. “Ekimenaren bukaeran adierazpen bat irakurtzeko asmoa dugu”, gaineratu dute.
Mutrikuko pentsiodunek astelehenean [irailak 23] egin zuten ikasturte berriko lehen elkarretaratzea, eta manifestazioa egiteko egiteko erabakia bertan eman zuten jakitera. Datorren asteko manifestazioarekin herriko kaleak bete nahi dituzte. Gogorarazi dutenez, pentsio duinak izateko eskubiea ez da soilik pentsiodunen aldarrikapena izan behar. Hori dela eta, herriko pentsiodun eta herritar guztiak elkarretaratzean eta manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte.