San Jeronimo jaiek hiru eguneko egitarau aparta dakarte Mutrikuko Mijoa auzora
San Jeronimo jaiak ate joka datoz Mutrikura. Zapatu arratsaldean piztuko dute txupina, eta astelehenera arte zer ospatu egongo da Mijoan auzoan.
Mutrikuko Mijoa auzoko jaien txinparta piztear da. Berrikuntza gutxi batzurekin, eta urteroko ekintzak oinarri hartuta, urterik urte jendea erakartzen duen osagaiekin prestatu duten egitaraua auzolanean. San Jeronimo jaietako antolakuntzak adin eta gustu guztientzako ekimenak antolatu ditu, betiko ilusio eta gogoarekin. Mutrikuarrei eta baita inguruko herrietakoei auzoko jaietara hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute jai batzordeko kideek. “Etorri! Ondo pasatuko duzue seguru”.
Astelehenean izango da jaiegun handia Mijoa auzoan, baina aurretik ere zer ospatu eta zer gozatu egongo da. Jaiek zapatu arratsaldean [irailak 28] hasiko dute ibilbidea, txupinaren eztandarekin. Ondoren, motokros erakustaldiaren txanda izango da. Herriko motokros zaleek erakustaldia egingo dute jaigune alboko zelaian prestaturiko zirkuituan. Jai batzordeko kideek nabarmendu dutenez, jaietan mota horretako erakustaldia egingo den aurreneko aldia izango da.
Zapatu gaua, berriz, dantzek eta musikak beteko dute. Gure Ametsa dantza taldeak emanaldi berezia emango du. “Dantza taldeak dantza garaikidearekin nahasketa egiten duen emanaldia eskainiko du”. Erromeriarekin amaituko dira lehenengo jaieguneko proposamenak. Laket taldeak girotuko ditu Mijoa auzoa eta bertan batutako guztiak, goizaldeko ordu txikiak arte.
Domekan [irailak 30] auzotarrak izango dira protagonistak. Dudarik gabe, auzotarrentzako egunik bereziena izango da. Betiko modura, bateko zein besteko auzotarrek hutsik egiten ez duten eguna izaten da. Eguerdian auzoko gazteenek herri kiroletan lehiaketzeko aukera edukiko dute. Trontzan, sokatiran, lokotx batzen, txinga eramaten, ingudea altxatzen… neurtu beharko dituzte indarrak. Eguerdian elkarren aurka ondo pasatu ondoren, auzotar denak auzo bazkarian batuko dira. “Urtero 40 bat lagun batzen gara bazkaritan”.
Asteburu osoan jo eta su ibili ondoren, eta jaiei amaiera emateko, usadio zaharrak gogora ekarriaz San Jeronimo eguna ospatuko dute astelehenean [irailak 30]. Santuaren omenezko mezarekin hasiko dute eguna. Elizkizuna bukatu ondoren, Ilunbe baserriaren inguruetan geratzen direnek txapel eta aitzur jaurtitzen duten abilezia erakutsi ahal izango dute. “Iaz egin genuen txapelketa estreinako, eta aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dugu”.
Eguerdiko atsedenaldia eta gero, familia giroan ospatuko dute San Jeronimo eguneko arratsaldea. Algara eta giro ona ziurtatuta izango dituzte auzora gerturatzen diren haurrek. Hodei magoak magia ikuskizuna eskainiko du, eta jarraian, Ibiriko pottoka gainean ibili edo zezen txikien aurrean saltaka ibiltzeko aukera izango dute ausartenek. Jaien amaiera emateko, zozketa egingo dute.
EGITARAUA:
- Irailak 28, zapatua
- 17:00. Txupinaren eztanda.
- 17:30. Herriko motokros zaleen erakustaldia.
- 21:30. Gure Ametsa dantza taldearen emanaldia.
- Ondoren. Erromeria Laket taldearekin.
- Irailak 29, domeka
- 12:30. Auzoko gaztetxoen arteko herri kirol saioa.
- Goiz osoan. Puzgarriak
- Ondoren. Auzo bazkaria.
- Irailak 30, astelehena. San Jeronimo eguna
- 12:00. Meza.
- Ondoren. Txapel eta aitzur jaurtiketa txapelketa.
- 17:00. Hodei magoa.
- 18:30. Ibiriko abereak.
- 20:30. Zozketa.