Euskalsurf Gazte Zirkuituaren hirugarren proba lehiatuko dute Karraspion
Artzabal Surf Elkarteko surfista gazte batek ere parte hartuko du Karraspiko norgehiagokan, Mikel Abasolo mendexadarrak. Zapatu goizean lehiatuko da txapelketa.
Euskalsurf Gazte Zirkuitua Mendexako Karraspio hondartzara ailegatuko da zapatuan [irailak 28]. Gazte Surf zirkuituko hirugarren proba izango da, eta ohi modura haur eta gazte kategorietako surflariek parte hartuko dute: 14 urtez azpiko neska-mutilek eta 18 urtez azpiko neska-mutilek.
Gazte zirkuitua lau probek osatzen dute: Sopelako Barinatxekoak, Donostiako Zurriolakoak, Mendexako Karraspiokoak eta azkenik abenduan jokatuko den Plentziakoak. Lekeitioko Artzabal Surf Elkartekoek azaldu dutenez, Euskal Herriko Surf Federazioaren (EHSF) zirkuitu hori irekia da eta nahi duten surflari guztiek parte hartu dezakete.
Artzabal Surf Elkarteko surfista gazte batek ere parte hartuko du Karraspiko lehian, Mikel Abasolo mendexadarrak. 18 urtez azpikoetan ariko da Abasolo. Beste froga batzuetan ibili bada ere, Karraspion lehiatzen den gazte zirkuituko norgehiagokan parte hartzen lehen aldia duela esan dute Artzabalkoek, eta surflariari animoak ematera joateko gonbitea luzatu dute.
Karraspioko hondartzan egongo diren olatuen iragarpena oso ona dela jakitera eman du Euskal Herriko Surf Federazioak. Probak goizean izango dira.