Markina-Xemeinen azken aldian gertatu diren eraso sexistak salatu dituzte
Bagaittun emakume taldeak deituta elkarretaratzea egin da Arkupean. Urtero egoten dela salaketaren bat azpimarratu dute.
Markina-Xemeingo Bagaittun emakume talde feministak deituta, elkarretaratzea egin da gaur [irailak 26] iluntzean, Markina-Xemeingo Arkupean, azken aldian herrian eman diren eraso sexistak salatzeko. «Zoritxarrez», urtero egoten dela salaketaren bat azpimarratu zuten, publiko egin zein ez.
Eraso sexistak egunero egunero geratzen direla gogora ekarri dute Bagaittuneko kideek. «Era guztietako emakumeok jasaten ditugu: lantokian, etxean, kalean, gauez eta egunez. Gazteak eta nagusiagoak, migranteak eta berton jaiotakoak, pobreak eta aberatsak». Eta argi utzi dute nazkatuta daudela, eta jendartearen erdiak jasan behar duen indarkeria matxistagaz amaitu behar dela.
Leku guztietan. «Herrian bertan gertatzen dira erasoak, eta askotan; ez da lehenengo aldia gertatzen dena, errepikatuak dira», esan dute.
Erasoak salatzeagaz gainera, eskerrak ere eman dizkiete erasoen aurrean babesa adierazi duten herritar guztiei. «Eskertzekoa da hartzen ari garen kontzientzia eta pausoak eman nahia. Eskerrik asko banan-banan erasoen kontra zaudetela adierazi duzuen denei».
Elkarregaz, feminismoaren bidean jarraitzeko deia egin dute amaitzeko. «Autodefentzan eta hezkuntzan oinarrituta eta emakumeen arteko aliantzak bilatuta. Horrela bakarrik lortuko dugu eraso sexistekin amaitzea”.