Osertz Aldai: «Badaukagu gaitasuna hobetzeko, eta horren bila joango gara»
Osertz Aldaik beste urtebete jarraituko du 'Lekittarra'n. Iaz, lekeitiarrak Eusko Label Ligara igo ziren, eta aurten mailari eusteko helburua bete dute hondarribiarraren aginduetara.
Eusko Label Liga amaituta, denboraldiaren balorazioa egiteko garaia izaten da. Lekittarrak 10. amaitu du liga, 47 puntugaz. Zein da zuen balorazioa? Helburuak bete dituzue?
Hasiera batean helburuak jartzea zaila izaten da arraunean. Ahal duzu nondik norako bat jarri, baina faktore asko daude helburu hori lortzeko: alde batetik, norbere errendimendua eta maila; eta bestetik, arerioen maila. Beraz, helburuak proposatzea eta lortzea ez da izaten erraza. Maila igo berri, mailari eustea zen hasiera batean nahi genuena, eta mailari eusteko lehen pausoa 12. ez egitea zen, horrek jaistea zekarrelako; azken ez egin, bati irabazi eta ahal bada biri, kanporaketa ekiditeko. Horretarako, argi geneukan iaz baino azkarrago ibili behar ginela. Estropadetan azkarrago genbiltzala ikustea lana ondo egiten ari ginen seinalea izan zen. Beraz, gustura gaude egindako lanarekin.
Gorengo mailan lehiatzea ez da erraza. Aldaketa handia sumatu duzue?
Aldaketa handirik ez; dena dela, alde batetik, burua ondo prestatu genuen, pixka bat zetorkigunaz jabetzeko; eta, bestetik, iaz ur baretan diferentzia genuela nabaritu genuen, eta nahiz eta Eusko Label Ligan itsasoan gehiago lehiatu, ur baretan ere ondo egin behar genuen helburua lortzeko. Beraz, entrenamendu batzuk egin ditugu ur baretan helburu horrekin. Bestalde, estropadak bi egunetan izaten dira, eta horri ere errespetu handia genion. Hala ere, oso ondo konpondu gara.
Talde gaztea zarete. Watt aldetik zelan zabiltzate?
Talde gaztea den arren, esperientzia eta heldutasuna dauzka. Urterik urte, fisikoki ere bakoitza bere ahalmenera gerturatzen ahalegindu gara, eta ahal izanez gero, erreferentziak hobetzen. Ur baretan arraun egiteak, esate baterako, hori da eskatzen duena: indarra. Lan espezifikoa egin dugu hori bilatzeko, eta, egia esan, moldatu gara.
Denboraldiko momenturik onenak eta txarrenak zeintzuk izan dira zuentzat?
Nahikoa denboraldi orekatua eraman dugu. Maila ezagutu gabe, askotan, pixka bat galduta zabiltza, baina hasieratik hor ikusi ginen, eta uste dut horrek ere konfiantza eman zigula. Horrela, itsasoko estropadetan ere gozatzeko aukera izan dugu; ez dugu momentu txarrik pasa, momentu onak egon dira, politak.
Igotzeko lan handia egin zenuten iaz; mantentzea zailagoa izan da?
Ezberdina. Arraunlariek urteak zeramatzaten igo nahian eta igoeratik gertu. Atzetik aurrera zoazenean, buruak era batera egiten du; eta, gero, behin iristen zarenean, ezberdina izaten da. Ingurunea aldatzen da. Beste liga bat da, beste zorroztasun maila bat… Ez da izan gogorragoa lan aldetik; bai, beharbada, nik nire buruari eskatu diodana. Urterik urte, neure buruari hobetzea, beste pausotxo bat ematea eskatzen diot, eta heltzen da puntu bat pausotxo hori ematea gero eta zailagoa dena. Denboraldi honetan eman dugu pausotxo hori, eta aurreko urtean ere eman genuen. Aurrera egiteko aukera daukagun bitartean, aurrera egingo dugu.
Beste urtebete jarraituko duzu entrenatzen. Gustuko lekua aurkitu duzu Isuntzan?
Bizitokitik urrun banago ere, hemen oso gustura nago. Talde langile bat topatu dut, zuzendari, laguntzaile eta arraunlari. Horrek asko laguntzen du. Gero, klubaren filosofiagaz bat nator. Gutxi gorabehera nik bizi izan dudana aurretik ere horrelakoa izan da, eta, beraz, lana egiteko baliabideak badauzkat. Gertatzen dena da askotan, egoera pertsonalek eragiten dutela. Hortaz, ez zait gustatzen denboraldia bukatu gabe erabakiak hartzea hurrengo urteei begira. Denboraldia amaitzen denean geratu, hausnartu eta horren arabera erabakia hartzea dut nahiago. Ez geneukan inongo arazorik elkarrekin jarraitzeko, eta beste urtebete jarraituko dugu.
TKEn lehen urtea igarota, datorren denboraldiko helburuak handiagoak izango dira?
Ez zait gustatzen hobekuntzak postuarekin alderatzea; nahiago izaten dut dauzkagun erreferentziak, hau da, traineruaren abiadura urtez urte zein den alderatzea. Hor jartzen diot nolabait erronka neure buruari. Hurrengo urtean ere uste dut badaukagula gaitasuna hobetzeko, eta horren bila joango gara.
Klub askorentzat Kontxa amets handia da. Aurten Ondarroak lortu du Kontxako lehian egotea. Datorren urtean zuek ere bai?
Bakoitzak bere helburuak planteatu eta lortzea aberatsa izaten da. Guretzat oraindik ez da horrelako planteamendu bat egiteko garaia, baina badaude beste helburu polit batzuk ere, lortuz gero, pozten dutenak. Ondo egongo litzateke Ondarroak eman duen maila eman eta lortu dituen gauzak lortzea; beraiek bezain beste ibiliko bagina, ez litzateke seinale txarra izango.
Arraunlari ala entrenatzaile, zer duzu nahiago?
Arrauna asko bizitzen dudan arren, gustatzen zaidana, batez ere, entrenatzea da. Taldean aukera egongo balitz nik arraunean ez egiteko, azkarrago ibiliko balitz trainerua nik arraun egin gabe, dudarik gabe ez nuke arraun egingo. Entrenatzen jarraituko dut, barruko erreferentziak eta sentsazioak jasotzea gustatzen zaidalako, eta gero, taldearen beharraren arabera geratuko da lehiatzea.
Momentu honetan hasten dira klubak taldeak osatzen. Aldaketarik egongo da Lekittarran?
Urtero egoten dira gorabeherak. Kirol zorrotza denez, egoera pertsonalek baldintzatzen dute batzuetan. Jendea momentu honetan bere hausnarketa egiten dago, eta gerta daiteke hiru-laurek uztea. Aldi berean, gazte mailetatik ere igo dira arraunlari batzuk, eta badaude bueltatuko diren batzuk ere. Hala ere, blokea iazko antzerakoa izango da.
Zurekin Hondarribian jardundako Gonzalo Carrion arraunlari historikoak arrauna utziko duela iragarri du. Batzuk badoaz, berriak badatoz.
Arraunlari modura ez da erraza jakitea noiz den ‘Honaino iritsi naiz’ esateko momentua. Bidean badaude gertaera batzuk baldintzatzen dutenak, lesioren bat, arlo pertsonaleko zerbait edo beste arrazoi batzuk argi uzten dutenak kirolariaren bizitza hor amaitu dela. Txaloren kasuan, urte asko eraman ditu lan handia egiten. Asko gozatu du, gainera, eta agian momentua iritsi dela ikusi du. Kluba Kontxako irabazlea izan da, eta urte polita egin dute txapelketak irabazita, momentu politean uzten du. Nik ere hona etortzeko pausoa eman nuenean, zalantzak nituen, eta argi ikusi nuen momentu ona zela, taldea esku onetan zegoelako eta emaitza politak lortzen ari zelako. Horrela errazago izaten da erabakiak hartzea. Uste dut ondo hartutako erabakia dela, eta batez ere errespetagarria. Eskertu beharra besterik ez dago egindako lanagatik.
Isuntzako harrobia nola ikusten duzu?
Azken urteetan, asko handitu da arraunlarien kopurua, eta hori oso pozgarria da. Emaitzek ere eragina izaten dute horretan. Hori ere bistakoa ez den lorpen handi bat izaten da.
Noiz hasiko zarete hurrengo denboraldiko prestaketekin?
Irailaren hasieran amaitu genuen, eta gorputzak eta buruak atsedena behar izaten dute. Beraz, gustatzen zaigu denbora bat ematea, eta seguruenik, urriaren bukaeran hasiko ginateke gorputzari martxa jartzen, poliki-poliki hasteko. Asmoa da saio gutxirekin hastea; astez aste ugaritzen joango gara, eta azkenean, helduko gara betiko dinamikara.