San Jeronimo bezperan herri kirolak izan dira nagusi, Mutrikuko Mijoa auzoan
San Jeronimo jaietan murgilduta jarraitzen dute Mutrikuko Mijoa auzokoek. Atzo [irailak 28] hasi zituzten jaiak auzoan, eta gaur [irailak 29], beharbada, auzotarrentzat bereziena izaten den eguna ospatu dute: San Jeronimo bezpera.
Eguerdian egin dituzte eguneko ekintzarik nagusienak. Batzuk Ilunbe baserriko alboko zelaian ipinita egon diren puzgarrietan jolasean ari ziren bitartean, 2 urtetik gorako auzotar gazteek herri kiroletan lehiatzeko aukera eduki dute. Erakustaldi ederra eskaintzeko aukera izan dute etxekoek lagunduta.
Lokotx batzen hasi dira lehendabizi, eta jarraian txinga eramaten ibili dira. “Nork bere neurrira egokitutako txingak eraman behar izan ditu”. Ingudea altxatzen aritu dira ondoren, eta urtero modura, herri kirol desafioa ikusteko aukera izan dute bertaratuek. “Urtero ezustekoren bat prestatzen dugu”. 100 kilo inguruko harri kubikoa jasotzen ibili dira Patxi Isasi eta Gotzon Errotaberri.
Bi minututan harritzarra gehien jaso duenak irabazi du norgehiagoka. Isasi izan da plazara irtetzen lehenengoa, eta lehenengo altzada ondo egin badu ere, hurrengo biak erdizka egin ditu. Errotaberrik, bestalde, Isasiren marka erraz gainditu du. Bost aldiz jaso du harria plazan batuta zeuden txalo eta animo artean.
Amaitzeko, sokatiran ibili dira auzoko gazteenak. Berdinketa egon da, eta hirugarren tiraldian erabaki da jokoa. Eguerdian elkarren aurka ondo pasatu ondoren, auzo bazkarirako prestaketa lanekin hasi dira. 60 bat lagun batu dira bazkaritan, giro ezinhobean.