Yasshine Bih Bih bilbotarrak eta Majida Maayouf gasteiztarrak irabazi dute IV. Ondarru-Lekitto lasterketa
Eskualdeko azkarrenak Ander Okamika lekeitiarra eta Ioana Osa ondarrutarra izan dira.
Gizonezkoetan nagusitasun osoagaz irabazi du Yasshine Bih Bih bilbotarrak. Zapatuan [irailak 28] egin zen IV. Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketaren 16 kilometroak osatzeko 50 minutu eta 22 segundo behar izan zituen Bilboko bizilagunak. Bigarrenen eta hirugarren postuak lortzeko orduan, berriz, sekulako lehia egon zen. Azken metroetan erabaki ziren hurrengo bi postuak; Aimad Bouzian santurtziarrak (51.36) eta Ander Okamika lekeitiarrak (51.41) osatu zuten podiuma.
Emakumezkoetan Majida Maayouf gasteiztarrak 57 minutu eta 43 segundo denboran burutu zuen Ondarroako Itsasaurre plazatik kostaldeko errepidetik zehar Lekeitioko Independentzia plazarainoko tartea. Mutrikun bizi den Oihana Kortazar handik segundo gutxi batzutara helmugaratu zen (57.54) eta hirugarren postua Sara Alonsok (1.00.12) eskuratu zuen. Lehen hiru emakumezkoek, oro har, sekulako maila erakutsi zuten. Oso azkar egin zuten korrika, lehen hamaseiren artean helmugaratuz.
Eskualdeko beste hainbat atletek ere aurreneko postuak eskuratu zituzten. Gizonezkoetan, Ibon San Migel lekeitiarrak, esaterako, sekulako lasterketa egin zuen. Podiumetik kanpora geratu zen (53.08) , laugarren postua eginda. Lehen hamar sailkatuen artean egon ziren, Iker Ormaetxea ondarrutarra (55.42), Ibon Bengoetxea lekeitiarra (56.24) eta Koldo Iturraspe lekeitiarra (56.39). Emakumezkoetan lehen hamarren artean sailkatu ziren Ioana Osa ondarrutarra (1.07.28), Lide Azkue markina-xemeindarra (1.08.52), Marina Etxebarrieta lekeitiarra (1.10.33) eta Andere Ogando lekeitiarra (1.14.59).
Lehenengo herri berdineko lehen lau neska eta lehen lau mutilek ere saria izan dute. Aurten mutiletan Lekeitiok eraman du saria (Ander Okamika, Ibon San Migel, Iker Hormaetxea eta Ibon Bengoetxea), nesketan, barriz, Ondarroa nagusitu da (Ioana Osa, Leire Martin, Dunixe Burgoa, Eneritz Basurko).
Sailkapenak sailkapen, kirol jai handia bizi izan zuten lehendabizi Ondarroan, eta gero Lekeition. Parte hartze kopuruan ere errekorra egon da; % 19ko gorakada egon da aurten, aurreko urteekin alderatuta. 235 korrikalarik egin dute aringa-aringa Lekeitioko Tximista atletismo taldeak antolatutako proban: 195 mutilek eta 40 neskek. Bietan aurreko kopuruak gainditu direla jakitera eman dute antolatzaileek.
Guztira, 63 herrietako korrikalariek parte hartu dute. Euren artean 44 izan dira lekeitiarrak, 19 ondarrutarrak, 12 markina-xemeindarrak, 25 bilbotarrak eta 10 gazteiztarrak. “Maila on-oneko lasterkariak izan duguz aurten, eta eguraldi izugarria”, adierazi dute antolatzaileek.
Eguna Lekeitioko plazan egindako jaiagaz amaitu zuten, giro onean.