Lea Ibarreko egutegi lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago
Urriaren 28ra arte [astelehena] izango dute interesatuek lehiaketan parte hartzeko aukera. Diseinuak bi gutun-azaletan aurkeztu behar dituzte Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoan (Elexalde 1, Gizaburuaga) edota bost udaletxeetan. Lanetan LEA IBARRA - 2020 testua agertu behar da.
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak 2020ko egutegia irudikatzeko lehiaketa antolatu du, beste urte batez. Urriaren 28ra arte [astelehena] izango dute parte hartzaileek beraien lanak aurkezteko epea zabalik, eta gaia Lea Ibarra izango da.
Argazki, marrazki edota ordenagailuz egindako edozein konposaketa diseinatzeko aukera dute herritarrek, DIN A3 bertikalean. Lanetan LEA IBARRA – 2020 testua agertu behar da.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek euren proposamenak Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoan (Elexalde 1, Gizaburuaga) edota bost udaletxeetan (Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibar) aurkeztu behar dituzte, astelehenetik barikura, goizez: 09:00etatik 14:00etara bitartean.
Diseinuak bi gutun-azaletan aurkeztu behar dituzte. Gutun batean egindako lana sartu behar dute, eta beste gutunean, berriz, egilearen datu orokorrak: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoaren helbidea.
Proposamenak jaso, eta lan guztiak aztertu ostean, lehiaketaren irabazleak 500 euroko diru saria jasoko du. Hala ere, epaimahaiak saria eman gabe uzteko aukera izango duela adierazi dute antolatzaileek.