Markel Jaio Aspiazu aulestiarrak irabazi du Orbea Bilbao-Bizkaia Klasikoa
Zapatuan [irailak 28] lehiatu dute lehen aldiz txirrindulari lasterketa, eta profesional izandako partaide askok parte hartu dute. Igoera guztietako denborak kontuan izanda, aulestiarra 21. postuan sailkatu zen.
Markel Jaio Aspiazu aulestiarrak irabazi du lehen aldiz egin duten Orbea Klasika Bilbao-Bizkaia lasterketa. Zapatuan [irailak 28] burutu zuten lasterketa 1.200 txirrindularik; 128 kilometro egin behar izan zituzten Bizkaiko errepideetan zehar. Emakumezkoetan Amaia Urkidi bilbotarra izan zen azkarrena.
08:00etan hasi zuten parte hartzaileek lasterketa, eta hiru mendate igo zituzten. Horietan ezarritako denborak metatuta Asier Irigoien (40 minutu eta 25 segundo) nagusi izan zen igoera guztietan, Urkidirekin (53 minutu eta 10 segundo) batera. Hala ere, proba, bere osotasunean, Jaiok irabazi zuen (4:02.44) gizonezkoetan. Bizkaiko Begiratokian (17.28), Nabarnizen (13.31) eta Viveron (14.49) ezarritako denboren metaketarekin 21. postuan sailkatu zen igoera guztietako denborak kontuan izanda. Txomin Juaristi (41.35) markina-xemeindarra laugarren egin zuen igoeretan, eta 21.a izan zen azken sailkapenean (04:17.07).
Artxandan hasi eta bukatu zen lasterketan Bilbo, Lezama, Larrabetzu, Morga, Munitibar, Aulesti, Nabarniz, Laga eta Laidako hondartzak, Gernika-Lumo, Arrieta eta Gamiz igaro zituzten txirrindulariek, eta ibilbide profesional esanguratsua izan duten kirolariek parte hartu zuten, hala nola, Igor Antonek, Marino Lejarretak, Egoi Martinezek, Orbea Factory Teameko txirrindulariek, Tomi Misserrek, Sandra Jordàk edota Euskadi Fundazioko gizonezko zein emakumezko txirrindulariek. Nazioarteko partaideak ere bertaratu ziren.