Mutrikuko pentsiodunek manifestazioa egin dute
Gaurkoa ez da beste asteetan egiten dute elkarretaratze eguna modukoa izan. Mutrikuko pentsioduneko asteroko elkarretaratzea egin dute Goiko Plazan pentsio duinak eskatzen, baina ondoren, kalerik kale manifestazioan atera dira.
Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, pentsio duinak eskatzeko manifestazioa egin dute gaur [urriak 1] herriko pentsiodunen plataformak deituta, eta beste hainbat plataformaren deiarekin bat eginda. Dozenaka herritar batu dira protestan.
Astero egin ohi duten modura, gaur ere kalera atera dira. Deia 12:00etarako eginda zegoen, eta ordu laurdeneko elkarretaratzea egin eta gero, manifestazioari ekin diote. Herriko pentsiodunek bi pankarta zabaldu dituzte euren aldarrikapenekin, eta horiexek eraman dituzte gero kalerik kale ere. Pentsio duinak 1.080 eurokoak eta Pentsiodunen egonkortzea bai adinekoen indartzea pankartak eskuetan, Mutrikuko erdiguneko hainbat kale zeharkatu dituzte.
Oro har, pentsio duinak eta bidezkoak eskatu dituzte. Eskariekin bat egin dutenek herriko kaleak zeharkatu dituzte Jo ta ke irabazi arte, pentsionistak aurrera, pentsionistak borrokan… eta antzeko leloak behin eta berriro errepikatuz.
Kolektiboari dagozkion arazo eta aldarrikapenak kaleratzeko ekimena burutu ondoren, Gipuzkoako Pertsona Helduen Elkarteen Plataformak adostutako komunikatua irakurri dute Goiko Plazan. Agirian, bereziki, adinekoen eta pentsiodunei dagozkien arazoak salatu dituzte, eta pentsiodun askoren egoerak bere larritasunean jarraitzen duela gogorarazi dute. Erakundeei adineko guztientzat hainbat eskubide bermatzeko eskatu diete. “Gure giza eskubideak aintzat hartzeko eta azken egunera arteko bizitza duina bermatzeko eskatzen dugu”.
Pentsioen Sistema Publikoa babesteko, eta pentsiodunei eta adinekoei bizimodu duina bermatzeko neurriak ere hartzeko eskatu dute. “Pentsiodunen Mugimenduak betidanik defendatu du adinekoen giza eskubideak errespeta daitezela eta bizimodu duina berma diezaietela. Tamalez, milaka pentsiodun eta adineko pobrezian bizi dira, edo ezin dira hilearen amaierara iritsi; ezin dute alokairua, argia edo gasa ordaindu, ezta botika guztiak ere”.
Egoerak bere horretan dirauen bitartean euren eskaerak onartzeko borrokan jarraituko dutela berretsi dute. Hala, astelehenero egiten dituzten elkarretaratzeei eutsiko dietela agertu dute. Datorren astelehenean [urriak 7] berriro batuko dira, 12:00etan, Goiko Plazan. Elkarretaratzean parte hartzeko deia luzarazi diete herritarrei.