Mendexako udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa martxan dago
Urriaren 30era arte [eguaztena] aurkez ditzakete "argazki ez profesionalek" beraien lanak. Guztira hiru argazki aurkeztu ahal dituzte, paperean zein formatu digitalean. Aurtengo gaia 'Sagarra eta sagardoa' da.
Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu dute Leixarra Elkarteak eta Mendexako Udalak. Sagarra eta sagardoa da aurtengo gaia, eta urriaren 30era arte [eguaztena] izango dute parte hartu nahi duten “argazkilari ez profesionalek” lanak bidaltzeko aukera.
Aurretik argitaratu gabeko argazkiak izan behar dute, gehienez hiru, eta paperean zein formatu digitalean aurkeztu ditzake parte hartzaile bakoitzak: A4 tamainan eta JPG formatuan (210 x 297mm / 300 ppp /2480 x 3508 px).
Argazkiek izenburua atzealdean izan beharko dute idatzia, eta gutun-azal batean sartuta (egilearen izena eta aurkezten diren argazkien izenburuak zehaztuta) eraman beharko dituzte Mendexako Udalera (Zelaia Auzoa 1, 48289 Mendexa) paperezkoak, eta leixarraelkartea@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dituzte digitalak.
2019ko azaroan elkartuko da epaimahaia, eta ondoren, Mendexako Udaleko webgunean adieraziko dute beraien erabakia. Sariak, bestalde, abenduaren 25ean banatuko dituzte, argazki zaharren erakusketan. Lehenengo saridunak 100 euro jasoko ditu, bigarrenak 80 euro eta hirugarrenak 50 euro.
Leixarra Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, lanak kultur ondare izango dira, beraz, erakutsi eta kopiak ateratzeko eskumena izango dute antolatzaileek. Horrez gain, zalantzazko egiletza pertsonen duintasunaren aurka egiten duten edota beste lan batzuen plagiotzat hartzen diren “lanak deskalifikatu” ahalko ditu epaimahaiak. Gainera, “saririk ez ematea” ere erabaki dezake.