Zabalik dago Ondarroako 2019ko kirol sarietarako hautagaiak aurkezteko epea
Norbanako edo talde bakoitzak nahi beste hautagaitza aurkezteko aukera edukiko du, azaroaren 15a aurretik.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, 2019ko Kirol Sarien izendapen prozesua abantean dago. Hautagaien proposamenak egin nahi dituzten herritarrek zein herriko taldeek azaroaren 15era bitarteko epea izango dute. “Epe hori amaitutakoan kirol batzordeak aztertuko dira hautagai guztiak, eta bertan erabakiko da nortzuk izango diren 2019ko Ondarroako Kirol Sariak irabaziko dituztenak”.
Urtero modura, kirol munduan dabiltzan edo ibili diren pertsona edo eragileei omenaldia egin nahi die udalak lau sari banatuz: Urteko kirolaria emakumea, Urteko kirolaria gizonezkoa, Urteko kirol taldea eta Aipamen berezia. Gogorarazi dutenez, norbanako edo talde bakoitzak nahi beste hautagaitza aurkez dezake; hori bai, horretarako inprimaki bat behar izango da hautagaitza bakoitzeko. “Garrantzitsua izango da hautagaiaren izena, proposatzailearen izena eta telefono zenbakia, eta hautagai horrek saria irabaztea zergatik merezi duen azaltzea”.
Aurreratu dutenez, proposamenak aurkezteko hainbat modu egongo dira: Zaldupe udal kiroldegian, Erregistro Orokorren eta Turismo Bulegoan egongo diren mahaietan hautagaitza orriak bete eta hautesontzietan sartzea, komunikazioa@ondarroa.eus edo jrosa@ondarroa.eus helbide elektronikoetara mezu bat bidaltzea, udaletxeko lehen solairuko kirol sailean zuzenean hautagaitzaren papera eramatea edo udalaren sare sozialen bitartez mezu pribatu bat bidaltzea.
Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak aurreko astean egin zen kirol batzordean azaldu zituen aurtengo sariketaren oinarriak, eta sariak irabazteko hautagaiek ez dutela zertan txapelketa edo sari gehien irabazi duten herritarrak izan behar azpimarratu zuen. “Kiroleko arrakasta ez dugu nahi bakarrik sarien arabera neurtzea, baita herriari emandakoaren arabera edo kirolaren alde edo kirola bultzatzeko egindako ahaleginaren arabera ere”.
Eta kirol zinegotziak herritarrak hautagaitza aurkeztera animatu nahi izan ditu. “Askotan ikusgarritasun handiegirik ez duten kirolari edo kirolzale horiek euren tartetxoa eta errekonozimendurako aukera eduki dezaten nahi dugu Ondarroako kirol sarietan”.