Biribilgunea eraikitzen hasi dira Mutrikuko irteeran
Mijoa industriagunearen parean ere bidegurutzea hobetzeko lanak ere hasita daude, eta Pikupe parean oinezkoentzat semaforodun pasabide bat egiteko asmoa agertu du aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren departamentua, Gipuzkoako errepide sarean egiten ari diren hobekuntzen barruan, itxitako biribilgunea eraikitzen hasi da egunotan Mutrikuko irteeran. Lanak Ondarroaranzko norabidean doan GI-638 errepidean egiten ari dira, Txirritxa parean.
Aldundiko ordezkariek jakitera eman dutenez, biribilgune berriak zirkulazioa antolatzen lagunduko du eta kontrako lerroa hartzen duten maniobrak saihestuko ditu. “Orain arte, biribilgune erdi bat egon da, baina ibilgailuek maniobrak egiteko bi lerroak behar izaten zituztela eta, biribilgune itxi bat eraikitzea erabaki du aldundiak. Biribilgune berriak zirkulazioa antolatzen lagundu du, eta ibilgailuen abiadura motelduko du. Aldi berean, kontrako lerroa hartzen duten maniobrak saihestuko ditu”.
Lanak, aurreko astearen bukaeran hasi zituzten, eta hiru hilabeteko epean amaituko dituztela aurreikusten dute. Lanak direla eta, bidea lehengo biribilgune erdiko zatitik dago desbideratuta, eta ibilgailuak, gehienez ere, 40 kilometro orduko abiaduran joan daitezke. Lanak dirauten tartean, gainera, oinezkoentzako pasabide bat ere gaitu dute. Biribilgune berriak 30 metroko kanpo diametroa izango du, eta 7 metroko zabalerako galtzada ibilgailuentzat. “Gainera, autobus geltokiak izango ditu, eta oinezkoentzako pasabide argiztatu bat”. Proiektuaren aurrekontua 418.315 euro da.
Aldundiko ordezkariek gogorarazi dutenez, “ahalegin berezia” egiten ari dira GI-638 errepidean, “sarbideak hobetu eta gune gatazkatsuak kentzeko, bereziki Mutriku inguruan”. Bide horretatik, Mijoa industriagunearen parean ere bidegurutzea hobetzeko lanak ere hasita daude. Egunotan eskuinetara zegoen sartze erraila itxi eta eraitsi dute. “Bertan erdiko itxaron-erreia ari da eraikitzen ari dira, ezkerretara bira segurtasun gehiagorekin hartzeko”.
Baina obra bi horiek ez dira Ondarroa eta Mutriko arteko errepidean egingo dituzte bakarrak izango. Eider Mendoza foru bozeramaleak jakitera eman duenez, oinezkoentzat pasabidea egingo dute Pikupe parean. Zehatz esanda, Saturraran hondartzara joateko bidegurutzean egingo dute pasabidea, GI-638 erreideko 7,3 kilometroan. “Leku horretan oinezkoek errepidea gurutzatzen dute, segurtasun baldintza eskasetan. Bidegurutzeko segurtasuna hobetzeko eta oinezkoentzat pasabide seguruak egiteko, toki honetan pasabidearen segurtasuna hobetzeko proiektua onartu du Diputatuen Kontseiluak”.
Proiektuan jasotzen denaren arabera, oinezkoentzat semaforodun pasabide bat egingo dute. “Bide erdian bi irla egingo dira, 5,5 metroko luzerarekin eta 1,7 metroko zabalerarkein oinezkoak babestuta egoteko”. Ondarroako noranzkoan, gainera, espaloi bat ere egingo dute. Zoladurari dagokionez, zoru osoa egingo da zolatu gabeko edo zoladura egokirik ez duten guneetan, eta frenatzeko guneetan zorua hobetzea aurreikusten da. Obra datorren urtean lizitatuko dute, eta 110.000 euro inguruko aurrekontua edukiko du.