Europako Ondare Jardunaldiek Aulestin dute hitzordua
Urriaren 6an [domeka] aspaldiko jolasak ezagutzeko aukera izango dute neska-mutilek. Urriaren 25ean [barikua], aldiz, herriari buruzko 'Ezetz igerri' galdera lehiaketa egingo dute.
Europako Ondarearen Jardunaldiak direla-eta, Aulestin ekintza bereziak antolatu dituzte urrian. Udalak Aulestiko Ondare Elkartearekin lankidetzan prestatuta, bi hitzordu izango dituzte herritarrek datozen asteetan. Urriaren 6an [domeka], aspaldiko jolasak, “antzinako joko nagusien (harrigorrika, boskantoika, kubike…)” gaineko tailerrak, egingo dira plazan.
12:30ean hasita, neska-mutilek “telebistarik, baloirik, bizikletarik edo Internetik ez zegoenean” nola jolasten zuten ezagutzeko aukera izango dute. “Umeen adierazpen horiek, hots, jokoak eta abestiak” bildu dituzte herriko adinekoei galdetu ostean. Garai bateko “joko haiek” ezagutaraztea dute antolatzaileek helburu, “eta horretarako, ez dago gure plaza baino toki hoberik”.
Urriaren 25ean [barikua], aldiz, herriari buruzko Ezetz igerri galderen lehiaketa egingo dute. Areto Nagusian elkartuko dira gazte zein nagusiak, 20:15ean. Izan ere, galdera-erantzunen bitartez, belaunaldi ezberdinen arteko “transmisioa” gauzatzea bilatzen dute Aulestiko Ondare Elkarteko kideek: “Aisia eta jolasaren inguruan ondarea sortzeko beste modu bat da”.
Herriko historia, pertsonak, gertaerak, ondarea bera, ezagutzera emateko “mahai-joko berria” da Ezetz igerri. Lehiaketak bi joko barneratzen ditu: batetik, gerturatutakoek herriari buruzko galdera bat erantzun beharko dute, eta asmatzen dutenek “antzarraren jokoan oinarritutako beste joko batean parte hartu beharko dute”. Jarduera “taldean” egiteko pentsatuta dagoela adierazi dute.
Informazio gehiago eskuratu nahi duenak 946 844 423 telefono zenbakira dei dezala esan dute antolatzaileek.