Ehunka herritarrek bisitatu dute Lekeitioko Wargame erakusketa
Herrian dagoen Warhammer taldeak antolatu du erakusketa, eta esan dutenez jende asko joan da ikustera. "Ez genuen espero, eta oso-oso pozik gaude". Ekintzak, gainera, egiten dutena ezagutzera emateko eta kontaktuak egiteko balio izan diela gaineratu dute.
Warhammer deritzon mahai jolasen zaleak dira Lekeitioko Warhammer taldeko kideak. Kultur etxean daukate euren lokala, eta urtean behin euren zaletasuna herritarren aurrean erakusten dute, modu batera edo bestera. Joan den asteburuan [irailak 27 eta 28] erakusketa bat egin duten Barandiaran aretoan, eta herritarren erantzuna “sekulakoa” izan dela esan dute. “Ehunka izan dira erakusketatik pasatu diren herritarrak, oso-oso pozik gaude”.
Herritar asko harrituta geratu direla esan dute. “Mahai jokoko pieza guztiak guk eginda daudela esatean harritu egiten ziren. Ez zekitela herrian horrelako zaletasuna zutenen talderik zegoela”. Erakusketa ikustera joan direnak, gainera, adin tarte ezberdinetakoak izan direla esan dute. “Nagusiak, gazteak, umeak…denetarik etorri da”; ume batzuk goiz eta arratsalde egon direla esan dute.
Euren zaletasuna erakusteko ez ezik, erakuskeketak harremanak egiteko ere balio izan diela esan dute. “Historia liburuak irakurtzen dituzten batzuk ere ezagutu ditugu. Historiaz gu baino dakitenak”. Taldearen berri edukitzeaz gain, taldean sartzeko aukera ere luzatu diete. “Telefono zenbakia eman diegu, bai eta taldeko posta elektronikoa ere”. Gaineratu dutenez, aurrerago taldea handitu eta kide berriak sartu nahi dituzte: “Nahi duenak gure taldeko ateak zabalik ditu; nahikoa da telefonoz deitzea (646 30 55 17) edo posta elektronikoa idaztea (warhammerlekitxo@gmail.com) ahal du”.
Erakusketa egin eta gero, epe motzean tailer bat ere egingo dutela esan dute. “Iaz egin genuen, baina ez zen inor ere etorri. Konturatu gara hobeto dela lehendabizi erakusketa egitea eta gero, jendeak gure berri duenean, tailerra egitea. Beraz, erakusketa egin eta gero, orain, Gabonen bueltan edo urtea hasi orduko tailerra egingo dugu, eta datozela nahi duten guztiak”.