Herriko ondarea ezagutuko dute belaunaldi ezberdinetako etxebarritarrek
Belaunaldi ezberdinen arteko hirugarren topaketa antolatu dute zapatuan, Etxebarriko Nagusien Elkarteak eta herriko Guraso Elkarteak.
Adin desberdinetako herritarrak batuko ditu zapatuan [urriak 5] Etxebarrian egingo duten Belaunaldi desberdinen arteko III. Topaketak. Etxebarriko Nagusien Elkarteak herriko guraso elkartearen laguntzagaz antolatutako ekimenak ume, gazte, heldu eta nagusiak batu nahi ditu ekimen baten inguruan. Aurten herriko ondare zati bat ezagutuko dute guztiek batera. Izan ere, Errotabarriko antaparara joango dira eta errota ere bisitatuko dute.
11:00etan jarri dute ordua batzeko, Plaza Barrin. Bertan talde argazkia aterata abiatuko dira Errotabarrirantz. Nagusien elkartekoek jakitera eman dutenez Ibaunazpin antapararen azalpena emango dute eta bidegorritik Landibarrerantz abiatu ondoren, antapararen ibilbidea ikusten duten bitartean osatuko dute Errotabarrirainoko bidea.
Errota bisitatzeko aukera ere edukiko dutela azaldu dute, eta haren funtzionamenduaren berri jakin, eta amaitutakoan, berriro bidegorriko gimnasioraino joango dira, “saiotxo bat egiteko”.
Topaketek herri kirol saioagaz jarraituko dute Plaza Barrin: txokor batze, txinga eramate, soka-tira… Eta, amaitzeko, kopaua izango dutela iragarri dute. “Nagusien lokalean batuko gara mokadutxoa hartzeko”.
Urtero, topaketak lagun asko batu dituela azaldu dute nagusien elkartekoek eta aurten ere horrela izatea espero dute. “Giro ona izaten da nagusi. Gustura ibiltzen gara bai txikiak bai eta nagusiak ere”.