Zabalik dago Aulestiko XIV. Ermitatik Ermitara mendi martxan izena emateko epea
Urriaren 11 [barikua] da izena emateko azken eguna, eta horretarako, antolatzaileek ahalbidetu duten telefono zenbakira deitu (94-627 90 06) edo administraria@aulesti.eus helbidera mezu elektronikora idatzi behar dute interesatuek.
Urriaren 19an [zapatua] egingo duten Aulestiko XIV. Ermitatik Ermitara mendi martxan izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. Interesatuek, aldez aurretik izena eman nahi badute, urriaren 11 [barikua] izango dute azken eguna, eta horretarako ahalbidetu duten telefono zenbakira deitu (94-627 90 06) edo administraria@aulesti.eus helbidera mezu elektronikoa idatzi beharko dute.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, egunean bertan ere, herriko plazan, izena eman daiteke, baina kasu horretan ibiltariek “ez dute kamiseta ziurtatuta” izango. Aldez aurretik zein martxaren egunean, prezioa berbera izango da: 14 urtera arteko neska-mutilek 7 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 15 euro.
Hiru ibilbide prestatu dituzte urriaren 19rako. Aulestiko plazatik hasi eta bukatuko dira ibilbide luzea (25 kilometro) eta berezia (29 kilometro). San Anton, Goierri, Urregarai, Malats, Ibarrola eta Garatxaga igaroko dituzte. Lekerikan banandu egingo dira. Luzekoek zuzenean joko dute Aulestira, eta berezikoek Iluntzar igo beharko dute, lehenengo. Ibilbide laburra, 10 kilometrokoa, herriko parkean hasiko dute ibiltariek.