Abian da V. Marabilli Sormen Festibala, umorez eta ekintzaz bete
Giro apartagaz zoro eta bizi hasi da gaur [urriak 3] iluntzean Ondarroako V. Marabilli Sormen Festibala. Ohi modura, umorez eta emozioz betetako Marabilli Parade kalejirak ireki die bidea jaialdiko lehen ekimenei. Izar Aramaiok moztu duen pelikularen zinta mozketagaz eman diote hasiera ofiziala jaialdiari.
Kalejira Kofradia Zaharraren parean hasi da. Manuel Elu aurretik zutela, eta Kresala Musika Bandaren doinu alaiek girotuta, herriko arraunlariak, Manuelistak, Aitzol Aramaioren lagun eta senideak, Txitxipotxin kuadrillakoak, gonbidatuak eta herritarrak Beikozinirantz abiatu dira ibilbidea kolorez zipriztintzen. Eta areto aurreko atera iritsita, pelikularen zinta mozketagaz eman diote hasiera ofiziala jaialdiari.
Ohi modura, Izar Aramaiok (Aitzol zenaren alabak) moztu du filmeekin egindako zinta. Gaurkoan, Josu Eizagirre manuelistak lagunduta egin du mozketa. Hasiera ekitaldi xumea amaitu bezain pronto jaialdiaren ezaugarrietako bat bihurtu den 10 minutu ekitaldiagaz hasi dira. Txo! Antzerki Kolektibokoek aurkeztu eta gidatu saioa, jendez bete-bete egindako egon den aretoko herritarren barre algara artean.
10 minutu ekitaldian sormen prozesuaren pozez eta nekeez berba egin dute Leire Bilbaok, Aizpea Goenagak, Askoa Etxebarrietak, Alaia Martinek eta Aurori Badiolak. Bost emakumeek euren ikuspuntutik sormena nola lantzen duten azaldu dute, eta ez da barrerik eta algararik falta izan.
Ostean II. Euskal Herriko Sormen Saria banatu dute. New Yorketik bidalitako bideo baten bidez Kirmen Uribe manuelistak argitu aurtengo saritua. Hain zuzen ere, saioa gidatzen egon den Txo! Antzerki Kolektiboko Jon Iñaki Artetxek jaso sari legez banatzen duten buruhandia. Pertsonalizatutako buruhandia erabat hunkituta jaso du Artetxek. Ekimenaren bukaeran, berriki zendutako Iñigo Muguruza ere gogoan eduki nahi izan dute. Urdailak mokaduren bat edo bestegaz bete ostean, Xabi Bandiniren kontzertu ikusgarriagaz amaitu dira gaurko proposamenak.
Marabillik abantean jarraitzen du, eta domekara [urriak 6] bitartean hiru eguneko egitarau bete-betea dago aurretik sormenean murgiltzeko. Datozen egunotan Ondarroako kaleetan biltzen direnek zinemaz, antzerkiaz, kontzertuez… gozatzeko aukera izango dute. Etenik barik.