V. Marabilli Sormen Festibala "primeran" joan dela esan dute Manuelistek
Manuelisten iritziz, jaialdiak adin eta jatorri askotariko jende asko erakarri du Ondarroara. Lau egunetatik jendetsuena eta garrantzitsuena zapatua izan zela esan dute.
Azken lau egunotan sormenaz blai egon da Ondarroa. V. Marabilli Sormen Festibala amaitu berri da, eta berau antolatu duten Manuelistek jaialdiari buruzko balorazio ezinhobea egin dute. «Primeran joan da jaialdia». Jaialdia geroz eta sustraituago dago, eta aurten beste jauzi bat eman duela azpimarratu dute. «Gu ere harrituta geratu gara jaialdiak izan duen harreragaz. Egin diren ekintza denak ondo joan dira, eta hori sekulakoa da guretzako. Gustura geratu gara».
Manuelisten iritziz, jaialdiak adin eta jatorri askotariko jende asko erakarri du Ondarroara. Eguenean hasi eta domekara bitartean bertaratu direnek mota guztietako ekintzekin gozatu ahal izan dute. Zinemaz, antzerkiaz, hitzaldiez, kontzertuez… gozatzeko aukera egon da etenik barik. «Jende asko batu da kulturaren inguruan. Herri guztia jendez beteta ikusi dugu egunotan; ikusgarria izan da. Ekintza guztiak oso jendetsuak izan dira. Besteak beste, zapatu goizean jendea zinemara joatea lortu genuen. Dantza ikusten 80 bat lagun batu ziren».
Jaialdiak iraun duen lau egunetatik jendetsuena eta garrantzitsuena zapatua izan zela esan dute. Zapatuan, hain zuzen ere, kaleko giroa izan zen nagusi. Bergara, Elgoibar, Mutriku, Urretxu eta Ondarroako erraldoi eta buruhandien kalejira eta topaketa egin ziren eguerdian. Herriko txistulari eta Bilboko gaiteroekin lagunduta alaitu zituzten kaleak. Musika alorrari dagokionez, TTek! Elektrotxaranga herriko txoko guztietara martxa zabaltzen aritu zen eta The Incult taldearen kontzertua egon zen Plaza Musikan, besteak beste.
Jaialdian parte hartzera etorri diren artista gonbidatuak ere oso pozik geratu direla gaineratu dute Manuelistek. «Harrituta geratu dira».
Marabilli Film Laburren lehiaketa antolatu dute estreinako, eta lehiaketak eduki duen harrera ona nabarmendu nahi izan dute Manuelistek. «11 parte hartzaile zeudela jakitea ez sinisteko moduko albistea izan da guretzako».
Sari banaketa barikuan egin zuten, eta 200 euroko lehenengo saria Aiert Goenaga eta Asier Riverak irabazi dute akats bat gai nagusitzat duen Fail lanari esker. 100 euroko bigarren saria, berriz, Leire Ikaranek eta Goretti Serranok eskuratu dute, Antzerkia lanari esker.