Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren ikasturte berrirako eskaintza ezagutara eman du Ondarroako Udalak
Berritasunen artean, migratu beharra eduki duten emakumeei zuzendutzako parte hartze espazio berri bat sortu dute aurten. Urriaren 26an egingo dute aurkezpena, Etxelilan.
Beste urte batez emakumeentzako Jabekuntza Eskola antolatu du Ondarroako Udalak. Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotzia pozik agertu da ikasturte berrirako prestatu duten eskaintzarekin. “Jabekuntza Eskola hauen bitartez emakumeek bizi duten desberdintasun egoera azaleratu eta beraien parte hartzea sustatu nahi da”.
Berdintasun zinegotziak gaineratu duenez, aurten ere hainbat arlo landu eta beste hainbat esparru ukituko dituzten ikastaro eskaintza zabala eskainiko dute Etxelilan. Feminismoa lantzen jarraitzeko honako gaiei buruzko lanketa egingo dute urritik uztailera bitartean: kultura berdifinitzea, emakumeen osasuna eta munduko emakumeekin elkartasuna.
Alkortak nabarmendu duenez, Etxelilan askotariko gaiak lantzen dituzten hamabi ikastaro egiteko aukera egongo da. “Gai ezberdinak jorratzen ahalegindu gara. Eskerrak eman nahi dizkiegu ikastaro hauen prestakuntzan eta ikastaroak aurrera eramaten laguntzen duten guztiei”.
Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak ez du Eskola hutsa izan nahi, parte-hartze gunea baizik. Hala, ikastaroez gain, partehartze espazioak ere martxan egongo direla jakitera eman dute. Sei parte hartze gune egongo dira abantean, eta aurreratu dutenez, aurtengo berritasunetako bat Cony Carranza herriko hezitzaile feministak dinamizatutako migratu beharra eduki duten emakumeei zuzendutzako espazioa izango da (gazteleraz izango da). “Trukerako gune horretan emakumeek beraiek elkarrekin eraikiko dute ahalduntze prozesua maila indibidualean zein kolektiboan”. Urriaren 26an, 17:00etan, egingo dute aurkezpena, eta guztira, lau saio egingo dituzte urritik abendura.
Matrikula egiteko epea zabalik dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek. Bertan parte hartu nahi dutenek matrikula fitxa bete eta ordainketa egin beharko dute. Horretarako aukera, goizetan, Udal Diru Bilketa bulegoan (Kantoipe 3an) egiteko aukera egongo da, eta arratsaldeetan, martitzenetik barikura, Etxelilan (Artibai 3, 1. solairuan). Informazio gehiago nahi izanez gero Etxelira (94-613 40 08 edo etxelila@ondarroa.eus) jo edota Ondarroako Udalaren Berdintasun Sailean (94-683 36 70 edo rbaltar@ondarroa.eus) eska daiteke.
Ikastaro bakoitzaren prezioa 5 eta 10 euro bitartekoa da, baina oinarrizko errenta jasotzen dutenek eta 20 urtetik beherako gazteek %50eko deskontua izango dute. Ohi modura, ikastaro bakoitzeko lagun kopurua bete ahala itxi egingo da matrikulazioa; bestela, ikastaroa hasi arte egin daiteke matrikula. Hori bai, talde bakoitzeko, gutxienez, zazpi lagun egon beharko dira.
Berdintasun Sailetik jakitera eman dutenez, gainera, aurten ere Txirrimorraskik kudeatutako haurtzaindegi zerbitzua erabilgarri egongo da ikastaro guztietan. “Horretarako beharrezkoa izango da astebete lehenago Etxelilan jakinaraztea”.
HEMEN aurtengo egitarau osoa.