Euskal Herriko Eskalada Txapelketa irabazi du Iñaki Arantzamendi ondarrutarrak
Eskalatzaile ondarrutarrak hasiera batean txapelketan parte hartzeko asmorik ez bazuen ere, Euskal Herriko zailtasun kategoriako txapela bigarrenez janztea lortu du aurten; lehenengoa 2013an irabazi zuen.
Euskal Mendizale Federazioak antolatuta, Euskal Herriko Eskalada Txapelketa jokatu dute asteburuan Berriobeitiko (Nafarroa) Rocopolis eskalada gunean. Abiadura eta zailtasuneko txapelketak jokatu dira bi egunetan banatuta, eta Iñaki Arantzamendi Irueta eskalatzaile ondarrutarra txapelketaren protagonistetako bat bihurtu da, zailtasuneko kategorian txapela irabazita. Nagusien mailan gizonezkoen kategorian onena izan da ondarrutarra.
Zailtasuneko txapelketa zapatuan [urriak 5] jokatu zuten. Parte hartzaileek lehendabizi, sailkapen probari ekin behar izan zioten goizean. Zailtasun maila ezberdineko zortzi bide gainditu behar izan zituzten, eta bide bakoitzak puntuaketa jakin bat izan zuen, bidearen mailari egokituz. Hori bai, hornitutako zortzi bideetatik soilik bi gogorrenek puntuatu zuten finalerako txartela lortzeko lehian.
Finalean, ohi modura, bistan eskalatu beharreko bide bakar bati aurre egin behar izan zioten finalistek. Txapela irabazteko lehian Martin Urrutia izan zen ondarrutarraren areriorik nagusiena; bien artean buruz-buruzko ikusgarria ikusteko aukera eduki zuten Rocopolisera hurreratu ziren ikusleek. Bide zailak izan zituzten aurretik eskalatzaileek, eta azken uneko helduleku bateko abantailak eraman zuen Arantzamendi podiumeko lehen lekura.