Iragana oroitu dute Aulestiko eta Ondarroako ondare jardueretan
Domekan [urriak 6] Aulestiko plazan eta Ondarroako Kofradia Zaharrean elkartu ziren herritarrak, Europako Ondare Jardunaldien baitan antolatutako jardueretan parte hartzeko asmoz.
Europako Ondarearen Jardunaldiak direla-eta hitzordu bereziak izan zituzten domekan [urriak 6] Aulestin eta Ondarroan. Batean zein bestean, iraganeko jolasak edota istorioak izan ziren protagonista.
Aspaldiko jolasak, “antzinako joko nagusien” gaineko tailerrak, eskaini zituzten Aulestiko plazan. Ondare Taldeko kideak herriko nagusiekin elkartu eta jokoak bildu (harrigorrika, boskantoika, kubike…) zituzten lehenengo, eta Kubike Aisialdi Taldekoekin elkartu ostean, haurrei erakutsi zizkieten horiek. 60 bat gaztetxo batu ziren plazan 12:30ean, eta lau taldetan 15 minutuko txandak egin zituzten, jokoz joko igaroz.
Antolatzaileek haurrak “oso gustura” egon zirela adierazi dute. “Joko gehienak” ezagutzen ez bazituzten ere, gurasoek erakutsitako, beste izen batekin identifikatutako edota modu ezberdinean jokatzen zituztenak bazeuden. “Joko batzuk, bestalde, haurren gurasoek ere ez zituzten ezagutzen”; aiton-amonek ezagutzen zituzten, baina beraien seme-alabek ez. Hala ere, Kubike taldekoek azpimarratu dute uste-uste barik herriko nagusiak izan zirela protagonista nagusiak: “Haurrentzako joko soilak ziren, baina mezatik irten eta aspaldiko jolas horiek ikusi zituztenean beraiek ere parte hartu nahi izan zuten. Iraganera itzulera suposatu zuen haientzako”.
Ondarroan, bestalde, 1973an, ontzietan arrantzan ari zirela bi arrantzale nola ito ziren kontatzen duen Atako Banda poema musikatuaren emanaldia egin zuten, 11:00etan, Kofradia Zaharrean. Xabier Leteren hitzak, Gotzon Aulestiaren musika eta Jon Oñatibiaren koreografia batzen ditu dokumentalak, baina orain arte pantaila handian proiektatu gabea zen: “Etxeko telebistan ikusita zuten gehienek, baina inoiz ez formatu honetan”.
Ondarroako Turismo Bulegotik jakitera eman dutenez, “sentimendu berezi asko” berpiztu zitzaien bertaratu ziren 20 bat lagunei. “Hitzordu intimoa izan zen, izan ere, istorioa ezagutzen zuten denek, eta dagoeneko gurekin ez dauden pertsona asko azaltzen dira poema musikatuan”.
Aulestin egindako ekintzaren argazkiak: