Aniztasunaren Besarkada Eguna antolatu dute Ondarroan
Domekan [urriak 13], Ekai Lersundi Martinez ondarrutar gazteak 18 urte beteko zituen egunean, gaztea gogoratzeko ekimen berezia egingo dute Ondarroan. 13:00etan ipini dute hitzordua, Itsasaurren.
Haren hurrekoek antolatuta, “eta besarkadak emateak duen balio eta garrantziagatik”, Aniztasun Besarkada Eguna egingo dute Itsasaurre plazan. Gurasoek nabarmendu dutenez, maitasunez betetako urtebetetze opari berezia egin nahi diote semeari, hain data esanguratsuan. “Opari modura besarkadak bidali nahi dizkiogu Ekairi”.
13:00etan ipini dute hitzordua, Itsasaurren ondarrutar gaztea gogoratzen duen eta LGTBIQ kolektiboari eskainitako oroitarriaren aurrean. Herritarrak omenaldi xumean parte hartzera gonbidatu dituzte Lersundiren hurrekoek. Herritar guztiak ezagun eta ezagunei maitasuna agertu eta besarkadak ematera animatu nahi dituzte. Aurreratu dutenez, Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkarteko kideek ere parte hartuko dute ekimenean. Eta Lersundiren gurasoen aldamenean izango da, baita ere, 2015eko abenduan Bartzelonako Rubi herrian zendutako Alan gaztearen ama ere. “Alani eskainitako ekimena ere izango da”.
Ekimenean, gainera, Naizen elkarteko kamisetak salgai egongo dira. “Jende askok Naizen elkarteko kamisetak eskatu dizkigu, eta nahi duenak kamisetak erosteko aukera edukiko du. 500 bat kamiseta ekartzeko asmoa dugu”. Hainbat kolore eta neurritako kamisetak salgai egongo dira 12:00etatik aurrera, Itsasaurren.
Azken hilabeteotan jaso dituzten besarkaden bidez sentitutako babes guztia eskertzeko modu polita dela uste domekako ekimena. “Jendearengandik jaso ditugun besarkadek semearen galera gainditzen eta indarrak hartzeko lagundu digute. Guri onura asko egin digutela kontuan hartuta, eta besteentzako onugarria izango dela iritzita, Aniztasun Besarkada Eguna antolatzea erabaki dugu”.
Ekimenaren ardatza elkar besarkatzea izango bada ere, bestelako ekintzek ere edukiko dute tartea. Besteak beste, bertso batzuk eskainiko dituzte Bertsutan bertsozale taldeko Alexander Idoetak eta Iñaki Lersundik. Andrabandaren danbor hotsekin jarraituko dute. “Norbaitek berba batzuk esan, dantzaren bat egin, abestu edo zerbait egin nahi baldin badu ongietorria izango da”.
Azkenik, elkar besarkatzeari ekingo diote. Azpimarratu dutenez, besarkadak jaso eta ematea oso onuragarria da. “Botika asko baino gehiago osatzen du besarkada batek”. Besarkatzean sentipen positiboak trasmititzen dira, eta horrek hainbat onura eragiten ditu osasun fisiko zein emozionalean. Animo egoera nabarmen hobetzen dute besarkadek, eta edozein besarkatzen duzularik ere, osasunarentzako onurak berberak direla diote.
Estres mailak gutxitu, presio arteriala jaitsi, sistema inmunea hobetu, konfidantza sortu, ziurtasuna eman, indarra transmititu eta beste hainbat onura ditu besarkada moduko ekintza sinple batek. Hori bai, onurak igartzen hasteko, gutxienez, sei segunduz besarkatu beharra dagoela diote antolatzaileek. “Efektua edukitzeko, gutxienez, denbora tarte hori bete behar dela diote adituek”.
Elkarren artean besarkadak banatu ostean, ekimena besarkada bakar bat osatuko duen besarkada erraldoi bategaz amaitzeko asmoa agertu dute. “Borobil batean batu eta besarkada kolektibo handi batekin amaituko dugu”.
Ondarroan ez eze, Vigon (Galizia) ere antzeko ekimena egingo dute domekan. Vigoko PVLSE elkarteak deituta hamar minutuz aniztasunaren eta inklusioaren aldeko besarkadak banatuko dituzte Puerta del Solen. 19:00etan hasiko dute ekimena, eta bertan parte hartu nahi dutenei arrosa, zuri edo urdin argiz jantzita joateko eskaera egin diete. Aldi berean, Flashmob berezia ere egingo dute. “Guretzako sekulako ezustekoa izan da. Ondarroan egingo dugun ekimena gustatu zitzaien, eta gurekin jarri ziren harremanetan Vigon ere egiteko. Eskertzekoa da egin duten ahalegina”.