Dena prest dago Ondarroan Augustin Zubikarai ipuin rallyari hasiera emateko
Kultur egitasmoan LH5etik DBH4rako ikasleek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzaileek bi orduko tartea edukiko dute ipuin bat sortu eta paperean idatzita entregatzeko.
Ondarroako Literatur Amuak kultur ekimena motorrak berotzen hasita dago jada. Bihar [urriak 10], esate baterako, Ondarroako udal euskara sailak antolatuta, Augustin Zubikarai ipuin rallyan parte hartzeko aukera izango dute herriko ikastetxeetako ikasleek, Zaldupe ikastetxeagaz eta Zubi Zahar herri ikastolagaz lankidetzan. Ipuin bat sortzea helburu duen kultur egitasmoan LH5etik DBH4rako ikasleek parte hartu ahal izango dute.
Hitzorduari hasiera 09:00etan emango diote ikasleek, nork bere ikastetxean. Parte hartzaileek bi orduko tartea edukiko dute ipuin bat sortu eta paperean idatzita entregatzeko. “Ipuin horietan momentuan bertan ezagutuko duten esaldi bat sartu beharko dute nahitaez”. Hiru mailatan banaturik parte hartuko dute ikasleek: batean, LH 5 eta 6koek parte hartuko dute, bestean, DBH 1 eta 2koek, eta, azkenik, DBH 3 eta 4koek.
Ikastetxeetan egin beharreko ipuina sortu eta entregatu ostean, ohi modura, ikuskizunez gozatzeko aukera edukiko dute herriko gaztetxoek guztiek bat eginda. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat Izeba tekla musika emanaldia ikusteko aukera egongo da Kalare Deuna kofradiako areto nagusian, eta DBHko ikasleei zuzendutakoa Gaztetxean egingo dute; La Basuren hip-hop tailerrean parte hartu ahal izango dute, hain zuzen.
Ipuin rallyko sari banaketa ekitaldia Lituratur Amuak jaialdiaren baitan egingo dute, urriaren 30ean, 18:00etan, Kofradia Zaharrean. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, epaimahaia Leire Bilbao eta Ana Urkiza idazle ondarrutarrek osatuko dute.