Abian da XI. Lea-Artibaiko Erakuslehio lehiaketa
Lehiaketan parte hartu nahi duten eskualdeko saltokiek urriaren 20ra arte izena eman ahal dute. Aurtengo gaia 'Gaua eta arimak' da.
Beste behin ere lehiaketa Leartibai Garapen Agentziak antolatuta egingo da. Eskualdeko merkatari elkarte eta udalekin elkarlanean, denda, saltoki eta merkatalguneen erakuslehio erakargarriena sarituko du epaimahai berezi batek. Aurtengo gaia Gaua eta arimak da.
Lea-Artibain erakusleihoa daukaten establezimendu orori zuzenduta dago lehiaketa, “edozein delarik beraien sektorea”. Urriaren 20a [domeka] baino lehen eman beharko dute izena egitasmoan parte hartu nahi dutenek. Horretarako, 94-616 90 88 telefono zenbakira deitu edo merkataritza@leartibai.com helbidera mezu elektroniko bat bidali beharko dute. Erakusketa urriaren 28tik [astelehena] azaroaren 4ra [astelehena] bitartean egingo dute.
Lehiaketara aurkezten diren saltoki guztien artean, epaimahaiak, aurretik ezarritako irizpideak jarraituz, azken bozketara iritsiko diren lehiakideak aukeratuko ditu. “Aukeraketa herri bakoitzean parte hartzen duten saltokiekiko proportzionala izango da”. Hautatutako erakuslehioen argazkiak Leartibai Garapen Agentziako Facebook orrian jarriko dituzte ikusgai, eta herritarrek gogokoen dutena bozkatu ahal izango dute. Gainera, botoa ematen duten herritarren artean 50 euroko bono bi zozkatuko dituzte, lehiaketan parte hartu duten saltokietan gastatzeko.
Irizpideak eta epaimahaia. Epaimahaia ondokoek osatuko dute: Leartibaiko Garapen Agentziako teknikariek, Eskualdeko Merkatari Elkarte bakoitzeko kide batek, eta herritarrek (azken fasera iristen direnen artean Facebook bidez emandako botoagaz). Egitasmoaren helburua erakuslehioek merkataritzan duten garrantzia azpimarratzea zein saltokien ikusgaitasuna handitzea lortzea da. Horren haritik, ondorengo irizpideak baloratuko dituzte: produktua merkaturatzeko egokitasuna eta produktuaren aurkezpena, sormena, argiztapena, berrikuntza, ezarritako gaia lantzea eta irudi komertziala kontuan hartzea.
Sariak. Lea-Artibaiko enpresen sormena eta profesionaltasuna saritzeko asmoz, epaimahaiak 300 euro emango dizkio eskualdeko erakuslehio onenari. Bigarren saria 200 eurokoa da, eta sormen sari berezi bat ere emango dute, 300 euro.