Zabalik dago Mutrikuko mendizale helduen ibilaldian izena emateko epea
14 kilometro inguruko mendi martxa egiteko interesa dutenek Burumendi Mendizale Elkartearen webgunean eman beharko dute izena, urriaren 22a baino lehen.
Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak elkarlanean antolatuta eta Mutrikuko Udalak lagunduta, 33. Mendizale helduen ibilaldia egingo dute urriaren 27an Mutrikun. Burumendiko ordezkariek iragarri dutenez, urriaren 22ra arte zabalik dago izen ematea. Azken urteotan modura, Mutriku eta inguruak zeharkatuko ditu 08:30ean Goiko Plazatik abiatuko den ibilaldiak. Aurtengo martxak 14 kilometro inguru izango dituela aurreratu dute.
Ibilaldian parte hartzea, berez, mendizale federatuentzat aurreikusita dago. Hala, mendizale federatuentzat izen ematea doakoa izango da, aldez aurretik ezarritako epe barruan gauzatzen bada. Mendizale ez federatuek, berriz, 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Burumendiko ordezkariek azpimarratu dutenez, martxaren egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, ibilaldia baino ordu erdi lehenago Goiko Plazan ipiniko diren mahaietan. Hori bai, mendizale federatu zein ez federatuek 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Mendi martxan izena emateko interesa duten mendizaleek Burumendiren webgunean bertan eman beharko dute izena, Mendizale helduen ibilaldia deritzon atalean. Hantxe dagoen izen emate orrian nork bere datuak sartu beharko dira soilik. “Norbaitek Internet bidez izena emateko zailtasunak baldin baditu, jarri gurekin harremanetan, eta egingo diogu guk”.
Izena emateko orrian datu pertsonalez gain, ibilaldi ostean Arkugain elkarte gastronomikoan egingo duten bazkaritan geratuko diren edo ez adierazi beharko da. Bazkaritara joango direnek beste 20 euro sartu beharko dituzte webgunean agertzen diren kontu korronteetako batean — 2095 5056 12 1067447648 (Kutxabank) edo 3035 0188 98 1881016249 (Laboral Kutxa) — norberaren izen abizenekin.