Zuhaitzak ezagutzeko tailerra antolatu du Geoparkeak
Domekan egingo duten ekimena 8 urtetik gorako haurrei eta familiei zuzenduta dago. Parte hartzea doakoa da; izen ematea zabalik dago.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak, ingurumenaren arloan burutzen duen sentsilizazio lanaren baitan, zuhaitzak ezagutzeko tailerra antolatu du, Itziarko auzo udalarekin lankidetzan. “Ekimen honen helburua da herritarren artean zuhaitz mota ezberdinen ezagutza zabaltzea, eta ingurune naturalarekiko errespetua eta begirunea lantzea”.
Hitzordua domeka [urriak 13] goizean ipini dute. 10:00etan batuko dira Itziarko Zelaitxikin. Antolatzaileek iragarri dutenez, goiz osoko jarduera egingo dute, Arrateko Sakonean barrena. “Mendirako oinetako eta arropa egokiak, hamaiketakoa eta ura eramatea gomendatzen da”.
Ibilaldian parte hartzen dutenek Gonzalo Torre Geoparkeko Ingurumen koordinatzailearen azalpenak jasoko dituzte. “Gainera, partaide bakoitzari zuhaitz mota desberdinei buruzko argibide-txosten bat emango zaio, zuhaitz bakoitzaren eta haien hostoen ezaugarriak azalduz. Hala, ibilaldian zehar, zuhaitzen hostoak aztertuz, zuhaitz bakoitza identifikatzen ikasiko dute”.
8 urtetik gorako haurrei eta familiei zuzenduta dago, eta nabarmendu dutenez, parte hartzea doakoa da. Plaza mugatuak daude, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena Geoparkearen webgunean horretarako bideratutako dagoen tokian edo 943-19 24 52 telefono zenbakira deituta. Argibide gehiago nahi dutenek ingurumena@geoparkea.com posta elektronikoa ere erabilgarri izango dute.