25 bikotek parte hartuko dute Mutrikuko Binakako Pala Txapelketan
Lehenengo mailan bost bikote lehiatuko dira, 2. mailan hamasei eta 3. mailan lau. Txapelketa asteburuan hasiko da bidea egiten.
Mutrikuko Binakako Pala Txapelketa asteburuan hasiko da bidea egiten. Aurten, berritasun modura, hiru kategoriatan banatuta jokatuko da txapelketa, eta Danok Bat pelotazale elkarteko kideek aurreratu dutenez, 25 bikotek parte hartuko dute aurtengo txapelketan. Lehenengo mailan bost bikote lehiatuko dira, 2. mailan hamasei eta 3. mailan lau.
Kopuru aldetik txapelketak jende asko batu badu ere, hirugarren mailan bikote gehiago izatea espero zuten antolatzaileek. “Iaz bigarren mailan oso maila altua egon zen, eta parte hartzaileek eskatuta, eta txapelketa orekatze aldera, hirugarren maila bat osatu dugu. Baina azkenean ez du behar besteko erantzun onik jaso. Gure asmoa bikote gehiago batzea zen”.
Lehenengo maila ere indartu nahi dutela diote antolatzaileek, baina elite mailan dabiltzan askorentzat Mutriku urruti dagoela argudiatuta, jende askorik ez dutela batu azaldu dute. Hori bai, inguruan dauden pala jokalari onenak batuko ditu txapelketak.
Ondo errotutako txapelketa da, eta herritarrez gain, beste hainbat tokitako parte hartzaileek ere parte hartzen dute urtero. Tolosa, Orio, Zumaia, Elgoibar, Amoroto, Lekeitio, Ondarroa, Deba… eta beste hainbat tokitako jokalariak batuko ditu aurten txapelketak.
Pilotazaleek lehen hitzordua zapatuan [urriak 12] izango dute Miruaitz frontoian, 08:30tik aurrera. Denetara, bost neurketa jokatuko dituzte lehen jardunaldian. Domekan [urriak 13], 09:00etan hasita, beste bi norgehiagoka ikusteko aukera egongo da. Asteburuan jokatuko diren partiduak bigarren mailakoak izango direla aurreratu. Beste bi mailetako bikoteak datorren astean jokatuko dituzte lehen partiduak.
Egutegia zehaztuta dute antolatzaileek. Partida gehienak asteburuetan jokatuko badituzte ere, astelehenetan 20:00etan hasita eta eguaztenetan 19:15ean hasita partidu bana jokatzeko asmoa dute. “Egun horietan frontoia hartuta dugu”.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, txapelketa San Tomas azokaren bueltan amaitzeko asmoa dute. Hasteko, ligaxka bat jokatuko dute, eta kanporaketak jokatu ostean, txapelketako azken faseak. “Azaroa bukaerako ligaxka amaitzeko asmoa dugu, eta abenduaren hasieran final laurdenak eta finalerdiak jokatuko ditugu”.
Lehenengo mailan dauden bost bikoteek denek denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxka. Lehenengo bikote sailkatuak zuzenean finalerako txartela irabaziko du, eta bigarren eta hirugarren sailkatuen finalerdia jokatuko dute bigarren finalista zein den erabakitzeko.
Bigarren mailan, berriz, hiru multzotan banatuta jokatuko dute kanporaketa fasea. Bost bikotek osatutako bina talde osatuko dituzte eta beste bat sei bikotek osatuta. Multzo bakoitzeko lehen biak zuzenean final-laurdenetara igaroko dira, baita hiru multzoetako hirugarren postua eskuratu duten bi onenak ere.
Hirugarren mailan lau bikoteek ere denek denen aurka jokatu beharko dute ligaxka. Finalerdia lau bikotek jokatuko dute. “Finalerdi bat lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko dute, eta, bestea, bigarrenak hirugarrenaren aurka”.