Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarra Bizkaiko zazpigarren txapelaren bila doa Basaurira
Gorozikako harrijasotzailea sasoiko dago. Lanak ondo egiten baditu Bizkaiko lehen mailako harrijasotze txapelketa irabazteko aukerekin ikusten du bere burua.
Asteburuan Bizkaiko lehen mailako harrijasotze txapelketan parte hartuko du Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak. Txapelketa zapatuan [urriak 12], 12:00etan hasita, jokatuko dute Basauriko San Fausto plazan. Gorozikakoak azken sei urteotan jarraian lortu du txapela, eta helburu nagusia aurten ere txapela irabaztea dela agertu du. “Lehenengo txapelketa 2013an jokatu nuen, eta harrez gero denak irabazi ditut. Basaurira zazpigarren txapelaren bila noa”.
Harrijasotzaile ondarrutarrak aurreratu duenez, sasoiko dago, eta txapelketa ona egiteko asmoa du. “Nire burua ondo topatzen dut. Udan maila onean ibili naizela uste dut, eta nire lana ondo egiten badut ez dut uste txapela irabazteko arazo handirik edukiko dudanik”.
Urruzunok beste hiru arerioren aurka egin beharko ditu lanak. Jon Gisasola Zelai IV.a, Julio Jimenez eta Aritz Etxebarria Ureta-ren aurka neurtu beharko ditu indarrak. 113 kiloko kopagaz hasi, 113 kiloko laukizuzenagaz jarraitu eta 100 kiloko bolagaz amaituko dituzte lanak. Harri bakoitzagaz hiru minutuko saioa egin beharko dute, eta jasoaldi gehien lortzen dituenak eskuratuko du txapel preziatua.
Aldi berean, Bizkaiko binakako aizkora txapelketa ere jokatuko da Basauriko San Fausto plazan. Harrijasotzaileak eta aizkolariak lanak tartekatzen joango dira.
Ohi modura, zozketaz erabakiko dira zeintzuk harrijasotzaile hasiko diren lehendabizi lanean. Aurten, berritasun modura, binaka ariko dira harri jasotzen. “Orain arte ez da horrela egin. Oraingoan, ostera, parez pare ibili beharko dugu lanean. Niri, egia esan, beste baten aurka buruz buru lehiatzea gustatzen zait. Lehiari beste puntu bat ematen dio, eta zaleentzako ere ikusgarriagoa dela deritzot”.
Gorozikakoak nabarmendu duenez, txapela irabazteko indarrak ondo neurtzea berebizikoa izango da. “Hiru harriekin maila berean aritzea garrantzitsua da, azken harrira nahikoa indarrekin ailegatzeko”.