Iruñeko planetariora irteera antolatu du Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkarteak
Elkarteak antolatzen duen lehenengo irteera izango da azaroaren 16koa. Irteeran parte hartzeko interesa dutenek urriaren 21a baino lehen eman beharko dute izena Zurru Murrun eta Klik-Klaken.
Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, azaroaren 16an egingo dute Iruñeko planetariora irteera. Irteera aprobetxatuz, gainera, Nafarroako museora ere bisita gidatua egingo dute, gida espezializatu bategaz.
Irteeran parte hartzen dutenek unibertsoaren sorrera eta eboluzioa eta espezieen eboluzioari buruzko ikus-entzunezko zoragarria ikusteko aukera edukiko dute, besteak beste. Autobusak 09:30ean irtengo du Ondarroatik eta Iruñeatik buelta 18:30ean egingo dute. Lehendabizi, 12:00etan,planetarioa bisitatuko dute, eta arratsaldean, 17:00etan, berriz, museoa bisitatuko dute. “Bazkaria nork bere kontura egin beharko du. Horri buruzko informazioa banatuko dugu”.
Elkarteak antolatzen duen lehenengo irteera izango da azarokoa. “Fernando Jauregi Iruñeko planetarioko astrofisikaria maiatzean hitzaldia ematen egon zen. Jauregik hitzaldian batu ginen guztiok gonbidatu gintuen planetariora, eta irteera antolatzea ideia ona izango zela iruditu zitzaigun”.
Irteeran parte hartzeko interesa dutenek urriaren 21a baino lehen eman beharko dute izena Zurru Murrun eta Klik-Klaken. Izena ematerako orduan izen-abizenak eta harremanetarako datuak (posta elektronikoa eta telefono zenbakia) eman beharko direla aurreratu dute. Irteeraren prezioa 20 eurokoa da. Ordainketa irteera egingo dela baieztatzen denean egingo beharko dela iragarri dute.”Bertan sartuta daude autobusa eta planetarioko sarrera. Museoko sarrera doakoa da”.
Plaza mugatuak daudela iragarri dute, autobus bat bete arte.”Jasotako eskaeren ordena kontuan izango dugu autobusa betez gero”. Hori bai, irteeran izena ematen duen kopuruaren arabera erabakiko dute irteera egin edo ez. “Autobus bat betetzeko nahikoa jende ez baldin bada batzen, ez dugu irteera egingo. Urriaren 28an egingo dugun hurrengo hitzaldian emango ditugu horri guztiari buruzko xehetasun guztiak. Irteeraren prezioa autobusa betetzeko asmoagaz kalkulatu dugu”.