Joseba Agirretxea ondarrutarra EAJren kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua izango da berriro
Apirilean legez, Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburu modura errepikatuko du politikari ondarrutarrak. Euskal ahotsa Madrilen defendatzearen garrantzia azpimarratu du Eibarren.
Azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara Eusko Alderdi Jeltzaleak aurkezturiko hautagaien artean dago Joseba Agirretxea Urresti ondarrutarra. 2011ko legealdiaz geroztik Kongresuan diputatu izan da, eta apirilean legez, Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburu modura errepikatuko du politikari ondarrutarrak.
Asteon jeltzaleek lan bilera egin dute, EAJk Eibarren duen egoitzan. Diputatuen Kongresurako zerrendaburua kongresurako eta senaturako beste hainbat hautagairekin batera batu da. Bileran Debabarrenako hianbat alderdikidek ere parte hartu dute.
Hainbat gai jorratu dituzte EAJren ordezkariek, “guztiak ere hauteskunde klabean”. Bileran, besteak beste, euskal ahotsa Madrilen defendatzearen garrantzia ozen azpimarratu du Agirretxeak. “Ezin garela etxean gelditu beste batzuk gauzak gaizki egin dituztelako; bozkatzera joan behar dugu”.
Hautagai ondarrutarrak gaineratu duenez, beharrezkoa da lanean gogotsu jarraitzea. “Bizi dugun egoera honek gizartean haserrea eta desilusioa sortu du, baina egoera horri bueltan eman behar diogu eta jendearen haserre hori boto aktibo bilakatu behar dugu”.