V. Kinttopeko Zaldi-Mando Txapelketa lehiatuko dute Aulestin
Domekan [urriak 13] 18:00etan eta astelehenean [urriak 14] 21:00etan lehiatuko dute bost parte hartzaileek txapelketa. 1050 kiloko Aulestiko Harri Barria erabiliko dute.
V. Kinttopeko Zaldi-Mando Txapelketa lehiatuko dute domeka arratsaldean [urriak 13] eta astelehen iluntzean [urriak 14], Aulestin.
Herriko probalekuan, 1050 kiloko Aulestiko Harri Barriagaz lehiatuko dira bost parte hartzaileak. Domekako saioa 18:00etan hasiko da, eta bertan ariko dira Aitor Alzaa (Aulesti), Garagartza Elkartea (Laukiz) eta Ibekohondo (Aulesti). Astelehenean, berriz, Agarrek (Markina-Xemein) eta Fermin Santamariak (Guriezo) dute hitzordua, 21:00etan.
Abereen pisaketa proben hasiera baino ordu bete lehenago egingo dute. Oinarrizko pisua 450 kilotan ezarri dute, eta gehiago pisatuz gero, ezarritako kopurua baino gehiago duten kilo bakoitzeko kiloko gainkarga jarriko zaie. Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeko ordezkariak egongo dira probak kontrolatzen.
Sariak. Bost sari banatuko dituzte txapelketan. Irabazleari 650 euro eta Iluntzar tabernak emandako manta emango diote. Bigarren sailkatuak 550 euro jasoko ditu, hirugarrenak 500 euro, laugarrenak 450 euro eta bostgarrenak 400 euro.