36. Urriko Azoka Nagusiak milaka herritar batu ditu Markina-Xemeinen
11:00ak alderako Zelaia eta inguruak, Goiko Portala eta Bizenta Mogel parkea jendez bete-bete eginda zeudan. 24. Blonda Txapelketan Orioko Longa baserriak ganadutegi onenaren saria eskuratu du, eta izko onenaren saria Ismael Arriola markina-xemeindarraren 'Oligo'-k jaso du.

Goizean goizetik jendetza izan da nagusi Markina-Xemeinen. Eta aitzakia ez zen gutxiagorako ere: Lea-Artibaiko 36. Urriko Azoka Nagusia ospatu dute gaur [urriak 12] Markina-Xemeinen. Herritar guztien ahotan egon da eguraldia. “Beroa, eguzkirik ez eta haize apurra. Azokara etortzeko apropos-aproposa”. Ekoizleak ere gustura, salmentak “oso-ondo” joan direlako.
Zelaiaren inguruan zeuden ekoizleak, Goiko Portalean taloa jateko postuak eta Bizenta Mogel parkean (udaletxe atzean) animaliak. Eta herritarrak batetik bestera. Momentu baten, hain zegoen jende asko ze, Zelaiko postuetara ailegatzea ia-ia ezinezkoa zela. 12:00etarako aparkaleku berezi guztiak zeuden betetan, eta oraindik ere ibilgailu gehiagok jarraitzen zuten herrira sartzen.
Bertsolariek, Markina-Xemein eta Berriatuko Tarine musika eskolako trikitilariek eta bozgorailuetatik entzun ahal zen musikak giroa oraindik ere gehiago berotu dute.
14:30ean Zelaian ipinitako karpan 300 herritar batu dira bazkaltzen. Eta hor ere giroa paregabea izan da. Bazkalostean sari banaketa egin dute, eta ondokoak izan dira sariak eta irabazleak:
- Gaztarik onena: Igor Txurruka, Barroeta (Markina-Xemein)
- Ogirik onena: Mañeko-Azpi (Mallabia)
- Ortuarien mahairik onena: Mª Pilar Mallabia (Mallabia)
Bazkalostean ere giro ona izan da nagusi, eta sariak banatu eta egun osoan lanean ibilitako boluntarioei esker ona agertu ostean, jaiak aurrera jarraitu du Markina-Xemeinen.
24. Blonda Txapelketak ere jendetza erakarri du, hasiera-hasieratik. Epaimahaiko kideen berbetan, aurten Markina-Xemeinen ikusi ahal izan diren animalien “sekulakoak” izan dira. “Ez da erraza horrelako animalia ederrak ikustea. Maila oso-oso altua izan da, eta irabazleak aukeratzea ere ez da lan erraza izan”. Horien guztien artean, ondokoak izan dira sari berezia irabazi dutenak:
- Izko txapelduna: Ismael Arriolaren Markina-Xemeingo Illaspe baserriko Oligo. Txapeldunordea, Arrietako Iturbe anaien Makuleta baserriko Mosku.
- Behi txapelduna: Luzia Orbegozoren Azpeitiko Eizmendi baserriko Nekane. Txapeldunordea, Arrietako Iturbe anaien Makuleta baserriko Hotzitu.
- Hazitik sortutako animalia onena: Luzia Orbegozoren Azpeitiko Eizmendi baserriko Nekane.
- Ikuilu onenaren saria: Orioko Longa baserria. Txapeldunordea, Arrietako Makuleta baserria.
Sari horiei sailka banatutako sariak gehitu behar zaizkie:
- 1. saila (7-12 hilabate bitarteko bigak): Azpeitiko Agite baserriko Ocalo.
- 2. saila (12-15 hilabete bitarteko bigak): Azpeitiko Eizmendi baserriko Olatz.
- 3. saila (15-18 hilabete bitarteko bigak): Azpeitiko Eizmendi baserriko Onena.
- 4. saila (18-24 hilabete bitarteko bigak): Azpeitiko Eizmendi baserriko Nekane.
- 5. saila (24-30 hilabete bitarteko bigak): Aretxabaletako Torrena baserriko Nagi.
- 6. saila (30-36 hilabete bitarteko bigak): Orioko Longa baserriko Nahia.
- 7. saila (3-4 urte bitarteko behiak txahalagaz): Markina-Xemeingo Illaspe baserriko Marilyn.
- 8. saila (3-4 urte bitarteko behiak txahalik barik): Markina-Xemeingo Illaspe baserriko Moxo.
- 9. saila (4-5 urte bitarteko behiak txahalagaz): Arrietako Makuleta baserriko Latxa.
- 10. saila (4-5 urte bitarteko behiak txahalik barik): Orioko Longa baserriko Jai.
- 11. saila (5-7 urte bitarteko behiak txahalagaz): Orioko Longa baserriko Igeldo.
- 12. saila (5-7 urte bitarteko behiak txahalik barik): Arrietako Makuleta baserriko Janaria.
- 13. saila (7 urtetik gorako behiak txahalagaz): Oroko Longa baserriko Greta.
- 14. saila (7 urtetik gorako behiak txahalik barik): Arrietako Makuleta baserriko Hotzitu.
- 15. saila (12-24 hilabete bitarteko izkoak): Markina-Xemeingo Illaspe baserriko Oligo.
- 16. saila (24-42 hilbate bitarteko izkoak): sail honetan bi parte hartzaile zeuden, biak Arrietako Makuleta baserrikoak. Azkenean, baina, animalia bakarra ekarri dute (Mosku), eta haregaz erakusketa egin dute.





























































































