Antxon Alberdik eta Aitor Elkorobarrutiak Interjai txapelketaren finalerako bidea hartu dute
Markina-Xemeingo atzelaria eta Etxebarriko aurrelaria nagusi izan ziren, eta 2-0 irabazi zieten Etcheberryri eta Ibarluzeari. Txapelketaren lehen faseko ligaxka amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen.
Bariku [urriak 11] arratsaldean jokatu zen Xisterako Interjai Txapelketaren hirugarren jardunaldia Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan, eta partida irabazita, sailkapenaren buruan jarri dira Antxon Alberdik eta Aitor Elkorobarrutia. Era horretan, Etxebarriko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria Interjai txapelketaren finalerako bidean jarri dira.
Min hartuta egon ostean, Interjai txapelketara batu zen barikuan Aitor Elkorobarrutia, eta lan bikaina egin zuen. Markina-Xemeingo atzelaria eta Etxebarriko aurrelaria nagusi izan ziren, eta 2-0 irabazi zieten Etcheberryri eta Ibarluzeari (15-10 eta 15-9). Lehen jokoan azkar egin zuten ihes, 9-2 jarriz, eta jokoa azkar amaituko zela ematen bazuen ere, Etcheberry eta Ibarluzea pilota atzean jartzen hasi ziren eta 10-8 jartzea lortu zuten. Hala ere, hortik aurrera, gorriek hartu zuten agintea berriz, lehen puntua eskuratuz.
Bigarren jokoan Antxon eta A. Elkorobarrutia erabat nagusitu ziren. Hasieratik amaierara eraman zuten neurketa kontrolpean. Berehala jarri ziren aurretik markagailuan 6-1 markagailuan, eta hortik aurrera jokoa ongi kudeatu zuten, partida irabazi eta sailkapeneko buruan bakar-bakarrik jartzeko.
Zuloaga-Uriel eta Gaizka-M. Elkorobarrutia bikoteen arteko neurketagaz jarraitu zuen txapelketak. Biek zeukaten asko jokoan, izan ere, barikura arteko jardunaldi biak galdu zituzten eta, finalerdietan sartzeko irabazi beharra zeukaten. Partida oso ona izan zen, tanto on askogaz. Lehen jokoan Gaizka eta Elkorobarrutia nagusitu ziren (10-15), bigarrenean, berriz, tanto bakarragatik, Zuloaga eta Uriel (15-14). Beraz, berdinketa hautsi behar izan zuten eta horretan Zuloaga eta Uriel izan ziren jaun eta jabe. 4-0 aurreratu ziren momentuan, eta horrek aurkariak erreakziorik barik utzi zituen, garaipena erabakiz (4-0, 4-1 eta 5-1).
Lehiatua izan zen bai eta ere Aaron-Zugaitz eta Laloo-Manzi bikoteen arteko partida. Lehen jokoan berdinduta ibili ziren 11. tantora arte, baina hortik aurrera Lalook eta Manzik hartu zuten aurrea. Bigarren jokoan ere berdintasuna izan zen nagusi. Baina, oraingoan Aaronek eta Zugaitzek aurrea hartu eta lortu zuten garaipena. Berdinketa hausterakoan, aldiz, Laloo eta Manzi izan ziren jaun eta jabe (0-2, 1-2, eta 1-5).
Txapelketaren lehen faseko ligaxka amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta lehenengo gelditzen den bikoteak finalerako zuzeneko pasea eskuratuko du. Bigarren bikoteak, hirugarrenak eta laugarrenak, ostera, finalerdiak jokatuko dituzte ondoren, kiniela eran, eta irabazleek lortuko dute azaroan jokatuko den finalerako bigarren txartela.