Kataluniako erreferendumean erabilitako hautestontzi bat oparitu diote Ondarroari
Bartzelonako Sant Andreu auzoko L `estel hauteslekuan erabilitako hautetsontzia Udal Erregistro Orokorreko erakusleihoan dago ikusgai.
Bartzelonan bizi den Miren Azpiri ondarrutarrak 2017ko urriaren 1ean Kataluniako autodeterminazio erreferendumean erabilitako hautestontzi bat oparitu dio Ondarroako herriari. Hain zuzen ere, Bartzelonako Sant Andreu auzoko L `estel hauteslekuan erabilitakoa da Ondarroako herriari oparitutakoa.
Espainiako Polizia indarrez sartu zen L `estel ikastetxean 2017ko urriaren 1eko 09:15ean; hautetsontzi batzuk eraman zituzten, baita boto paperak eta errolda ere. Poliziek eramatea lortu ez zutenetako hautetsontzi bat da, hain zuzen, Ondarroan ikusgai dagoena.”Espainiako Polizia eta Guardia Zibila asteak ibili ziren hautetsontzien atzetik, baina ondarrutar honek bere etxean eduki zituen ezkutaturik hainbat hautestontzi. Orain, hautestontzi horietako batek Euskal Herrirainoko bidea hartzea nahi izan du, Ondarroarainokoa hain zuen”.
Opari sinbolikoa Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak jaso zuen barikuan [urriak 11], erabat hunkiturik, Herrialde Katalanetan hasitako prozesuari Euskal Herrian ere jarraipena emateko lekuko gisa. “Balio sinboliko izugarria duen oparia da. Hain egun berezian erabili zen hautestontzi bat gureraino iristea harro egotekoa da guretzat. Momentu historiko oso berezia izan zen, eta ondarrutarrak bertan ere egon zirela gogorarazteko ere balioko digu”. Hautetsontzia ikusi nahi dutenek Udal Erregistro Orokorreko erakusleihoan daukate ikusgai.