Mutrikuko EH Bilduk herritar guztientzako irekia izango den ekitaldi politikoa egingo du
Bihar egingo dute ekitaldia Zabiel Kultur Etxean, 19:00etan. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak eta Joseba Palenzuela alkateak parte hartuko dute.
Mutrikuko EH Bilduk herritar guztientzako irekia izango den ekitaldi politikoa egingo du bihar. Hitzordua Zabiel Kultur Etxean izango da, 19:00etan, eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak zein Joseba Palenzuela alkateak parte hartuko dute. Haizea Egaña zinegotziak gidatuko du saioa.
Gai sozialetan aditua den Kortajarena Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak hartuko du lehenengo hitza, eta gaur egungo egoera politikoa izango du mintzagai. Gaian sakonduko du, “agertzen diren norabide ezberdinak aztertuz”.
Jarraian, Palenzuela Mutrikuko alkatearen txanda izango da, eta “alkatetzako lau hilabeteotan egindako gestioen berri” emango die herritarrei. Horrez gain, “hurrengo hilabeteetako erronkarik garrantzitsuenak” ere azalduko ditu.
Batak zein besteak emandako hitzaldien ostean, elkarrizketarako tartea hartuko dute. Aurkezpen lanetan arituko den Egaña zinegotziak moderatuko du hartu-emana.