Bularreko minbiziaren aurkako ekintzak egingo dituzte Mutrikun
Zapatuan [urriak 19], Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekintza egingo dira nonahai. Mutrikuko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek aurten ere egunarekin bat egingo dutela iragarri dute.
Gaixotasunari buruzko kontzientzia pizteko asmoarekin, herria arrosa kolorez janzteko nahia dutela agertu dute. “Kaleak arrosaz jantzi nahi ditugu gaixotasunari ikusgarritasuna emateko. Herritarrei ere arrosaz janzteko deia egin nahi diegu. Gaur egun, emakumeengan gehien ematen den minbizia izanik ikerkuntza eta prebentzioan lanean jarraitzea ezinbestekotzat ikusten dugu”.
Hala, eguna bera ardatz hartuta, herrigunea kolore arrosaz apaintzeko deia egin diete herritarrei Mutrikuko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek. Urtero modura, udaletxeko balkoian arrosa koloreko ikurra daraman pankarta erraldoia zintzilikatuko dute, “herritar guztiak egunaren garrantziaz ohartarazteko”.
Eta egunari berari garrantzia ematearren, gainera, Erdiko kaleko hainbat dendetako erakusleiho ere puxika edo zapi arrosekin apainduta egongo dira. Udaletxean, botiketan, turismo bulegoan edo osasun zentroan ere paparreko arrosez beteriko otarreak eskuragarri ipiniko dituzte nahi duenarentzat. ” Herriko establezimenduetan jendaurrean lan egiten duten langileei ere paparreko arrosak banatzeko asmoa dugu”.
Horrez gain, hainbat boluntariok urtero modura Mutrikuko zaharren egoitzara ere bisita egingo dutela aurreratu dute , “bestelako erabiltzaileei ere opari txiki bat emateko eta eguna ospatzeko”.