Mutrikuko udal egutegiko argazki lehiaketan parte hartzeko azken eguna urriaren 18a da
Lanak udaletxeko sarreran utzi beharko dituzte parte hartzaileek, formatu digitalean (USB memoria edo CD batean, jpg formatuan) eta fisikoki (A4 tamainan).
Mutrikuko Udalak 2020ko egutegia osatzeko asmoz argazki lehiaketa antolatu du. Parte hartzaileek urriaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dituzte beraien lanak, udaletxeko sarreran (08:30etik 14:30era).
Lehiaketaren gaia Mutrikuko Altxorrak izango da. “Zein da zuretzat Mutrikuk duen altxorrik preziatuena?” galderari erantzunez, argazkiarekin batera, esaldi batez azaldu beharko dute interesatuek lanean bertan azaltzen dena. Argazki lehiaketan mutrikuar guztiek parte hartu ahal izango dute. Bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu.
Lehiaketako oinarriak. Argazkiek, gutxienez, 300 ppp bereizmena izan beharko dute, eta koloretan, zuri-beltzean zein bestelakoetan aurkez daitezke. Beti ere, formatu horizontalean igon beharko dute, eta elementu gehigarririk erantsi gabe (sinadurak, ur-markak…).
Aurkeztutako lanekin erakusketa egingo denez, horiek formatu digitalean (USB memoria edo CD batean, jpg formatuan) eta fisikoki (A4 tamainan) aurkeztu beharko dira.
Lanak, bestalde, argazkiekin batera kartazal itxi batean honako datuak aurkeztu beharko dira: izen-abizenak, NA zenbakia, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa. Udaletik jakinarazi dutenez, argazkiak eta kartazalak izenburu bera izan behar dute.
Sariak. Udalak izendatutako argazkigintzan adituek osatuko dute epaimahaia, eta hamabi argazki sarituko dituzte abenduko Kultur Galan. Saritutako argazkiekin udalak 2020ko egutegia argitaratuko du, eta turismo bulegoan egongo da salgai euro baten truke.
Saritutako argazki bakoitzak 80 euroko saria jasoko du, eta herritarrek ere beraien argazki gustukoena aukeratzeko aukera izango dute. “Erakusketara gerturatzen direnek bozka bidez argazki bat aukeratuko dute. Argazki hori egutegiaren azala izango da, eta sarituak 80 euroko bonoa jasoko du Bertan elkarteko dendetan erabiltzeko”.
Antolatzaileek ohartarazi dute indarrean dagoen araudia urratuz gero, lehiaketatik baztertzeko eskubidea duela.