Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrak maila gorenera igarotzeko txartela lehiatuko du
Aizkolari mutrikuarrak beste bost aizkolariren aurka neurtu beharko ditu indarrak zapatuan Altsasun jokatuko den finalean.
Zapatuan [urriak 19], Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute Altsasun. Nafarroako udalerrian parte hartuko duten sei aizkolarien artean parte hartuko du Aratz Mugertza Mendizabal aizkolari mutrikuarrak.
Baina zapatuko norgehiagoka ez da edozelako finala izango. Asko dago jokoan. Euskadiko Herri Kirol Federazioko ordezkariek jakitera eman dutenez, lehen bi sailkatuek datorren urtean maila nagusian aritzeko txartela irabaziko dute. Mugertza III.ak maila gorenean aritzeko txartela lortzeko aukera bat edo beste baditu. Etxarri-Aranazko pilotalekuan jokatutako kanporaketan hirugarren postua lortu zuen Olazko aizkolariak, eta maila ona emanez gero, datorren urtean Ugaitz anaiarekin batera ariko litzateke lehenengo mailan.
Lehia 18:00etan hasiko da Burunda pilotalekuan, eta maila gorenerako txartelaren bila Juan Jose Lopez Azpilikueta, Jon Irazu Ugalde, Jose Antonio Etxeberria Osakar, Eloy Corchero Martinez de GuereƱu eta Arkaitz Jauregi Gorrotxategi aizkolarien aurka neurtu beharko ditu indarrak aizkolari mutrikuarrak. Finaleko lanei dagokienez, aizkolari bakoitzak seina pago enbor moztu beharko ditu: bina kanaerdiko, bina 60 ontzako eta bina oinbiko, hain zuzen.