Larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatzeko ekimena egingo dute Ondarroan
Ekintza Lea-Artibaiko Sarek deituta egingo da. Larriki gaixorik dauden presoen egoera zelakoa den azaltzeko ekimena egiteaz gain, giza katea ere egingo dute, 13:00etan.
Lea-Artibaiko Sarek deituta, larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatzeko ekimena egingo dute domekan [urriak 20], Ondarroan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, larriki gaixorik dauden presoen dinamikaren barruan egingo dute eskualde mailako ekimena.
Datozen hiru hilabeteotan Larriki gaixo dauden presoak etxera! leloa duen anbulantzia Euskal Herrian zehar bira egiten ari da, gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten eskubide urratze egoera salatzeko. Anbulantzia horrek domekan Alamedan egingo du geldialdia, 12:00etatik 14:00etara. Anbulantzian egongo diren boluntarioek bertatik pasatzen direnei larriki gaixorik dauden presoen egoera zelakoa den azaltzen duten eskuorriak banatuko dizkiete.
Gaixorik dauden presoen errealitatea bistaratzeko ekimena egingo dutela aprobetxatuta, giza katea ere egingo dutela azaldu dute Sareko ordezkariek. 13:00etan jarri dute hitzordua Alamedan. “Itsasaurreko zubia eta Zubi Zaharra giza katean lotzeko asmoa dugu. Artibai ibaitik zehar hainbat txalupek ere lagunduko gaituzte”.
«Ideologiak eta alderdikeriak» alde batera utzita, injustizien aurka mugitzen jarraitzeko deia luzatu diete herritarrei. Hala, eskualdeko herritar guztiak domekako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatuta daudela nabarmendu dute.
Hain zuzen ere, Ibon Iparragirre Burgoa preso ondarrutarra eta larriki gaixo dauden gainontzeko presoak etxera ekartzeko eskatuko dute domekan kalerik kale. Sareko kideek gogorarazi dutenez, «gaixo dauden presoen zerrenda, zoritxarrez, potolotzen ari da».
Azaldu dutenez, preso askok dituzten gaixotasun larriak bateraezinak dira espetxeagaz. «Hori ez diogu guk, osasunaren arloko profesionalek baizik, eta behin eta berriro plazaratu dute mezu hori. Osasuna oinarrizko eskubide unibertsala da. Pertsona guztien kasuan errespetatu behar dena, preso egon zein aske egon». Ez dutela ezer berezirik eskatzen nabarmendu dute. «Ez gara eskatzen ari barriro legerian edo nazioarteko arauetan jasota ez dagoen ezer. Legeak eta gizatasunaren arauak betetzeko eskatzen ari gara, besterik ez».