Margo lehiaketagaz hasiko dira Markina-Xemeingo Teresa Donearen jaiak
Teresa Donearen jaiak ospatuko dituzte asteburuan beheko arrabalean, Atxondoa auzoan. Urtero modura, Bikale tabernak antolatzen duen margo lehiaketagaz hasiko dituzte jaiak zapatu goizean.
Umeak izango dira protagonista, aurten ere, Markina-Xemeingo Teresa Donearen jaietan. Eurei begirako eskaintza izango da nagusi, baina helduek ere izango dute jaietako giro onagaz gozatzeko aukera.
25 urte beteko ditu aurten Beheko Arrabalean ospatzen diren Teresa Donearen jaietako Margo Lehiaketak. Urtero modura, Markina-Xemein eta inguruetako paisaiak margotu beharko dituzte parte hartzaileek zapatu [urriak 19 ] goizean.
3 eta 9 urtetako umeei zuzenduta dago aurten lehiaketa, batez ere, baina nagusiagoek ere parte hartu dezaketela azaldu dute antolatzaileek, baina saririk jaso barik.”Gero eta gutxiago ziren lehiaketan parte hartzen zuten nagusiak, eta txikientzako lehiaketa bihurtu da”. Horrela, hiru adin mailatan egongo dira banatuta ume eta gaztetxoak: 3-4, 5-6 eta 7-8-9.
Erabil dezaketen teknikari dagokionez, aukera librea dela gaineratu dute. “Errotuladore, zera edo olioan margotu dezakete, eta horretarako bakoitzak bere materiala erabili beharko du”.
10:00etan hasiko da lehiaketa, eta parte hartzaileak Bikale tabernara joan beharko dira kontrol markak jartzera. Horretarako bi ordu edukiko dituzte, 12:00ak arte. Lanak, ostera, 14:00ak orduko entregatu beharko dira.
Epaimahaiaren ebazpena 19:00etan emango dute ezagutzera, Bikalen, eta irabazleek eskolako materialagaz gain, aurten garaikurrak eta dominak ere eramango dituzte sari modura. Artista txiki guztien lanak ikusgai egongo dira bertan tabernan jarriko duten erakusketan, hilabete osoan.
Musika eta jolasak. Arratsaldean ere ez da girorik faltako Atxondoa auzoko Teresa Donearen jaietan. Alde batetik, beti-betiko jolasak (txingak, aulki-jokoa, bola jokoa, dardoak) eta herriko Guraso Elkarteak antolatutako egurrezko jolasen parkea edukiko dituzte aukeran txiki eta handiek, 17:00etatik aurrera.
Ez dira faltako ere, urtero arrakasta handia izaten duten auzokoek egindako txokolatea eta buruhandiak. Eta, hirugarren urtez, Gari eta Amaiaren musikagaz lagunduta egongo da arratsaldea, jaiari bere doinua emateko.
Domeka eguerdian emango diote azken astindua jaiari. Horretarako, musika eta buruhandiak egongo dira 12:00etan hasita, eta aurreratu dutenez, txinga txikiak eta buruhandiak ere aterako dituzte umeen gozamenerako. “Auzotar batek egindako txinga txikiak ditugu eta umeek pila bat gozatzen dute eurak eramaten”.