Ondarroako VI. Txapel Egunak balioen garrantzia azpimarratuko du
Jai eguna zapatuan izango da, eta goizean II. Txapel Ibilbidea egingo bada ere, gainerako ekintzak arratsaldean egingo dira, iazko ereduari jarraituz. Aurten Txirrimorraski denbora libre taldea izango da omendua.
Iazko ereduari jarraituta, zapatuan [urriak 19] Ondarroan ospatuko duten VI. Txapel Egunak herri osoa zipriztintzea edukiko du helburu. Aurten Txirrimorraski herriko denbora libre taldea izango da omendua, eta taldeak herriko ume eta gazteengan lantzen dituen balioak kontuan hartuta, egitarauan ere balio horiek jorratuko dituen ginkana egingo da.
Ospakizuna Zubi Zahar herri ikastolak antolatzen badu ere, jaia herritar guztiei zabalik egiten dela azpimarratu dute. «Gure helburua herritar guztiak jaian parte hartzea da», esan dute herri ikastolako kideek.
Omendua aukeratzeko arrazoiak ere zehaztu dituzte: «Guk beti herriari ekarpena egiten dion talde bat omentzen dugu. Txirrimorraski horren adibide da. Umeengatik asko egiten dute eta balio asko transmititzen dizkiete. Eta aurten taldearen 30. urteurrena ospatzen ari direnez, aproposa iruditu zitzaigun». Txirrimorraskikoek ere proposamena pozik hartu zutela gaineratu dute.
Ekintzak arratsaldean hasiko badira ere, goizean II. Txapel Ibilbidea egingo da. Alamedan hasita, parte hartzaileak Galdonara igo, Mutrikura joan eta berriro Galdonatik herrira itzuliko dira. «Ibilbidea adin guztietako herritarrek egiteko modukoa da. Baina norbaitentzat luzeegia bada, ondokoa da gure proposamena: Alamedatik Galdonara joatea, han atseden hartzen geratzea, eta besteak bueltan datozenean, denak batera Galdonatik berriro ere herrira etortzea».
Txangoan parte hartzen dutenak Arrigorri hondartzara heltzen direnean, han musikariek ongi etorria egingo dietela esan dute. «Eta denak batera kalejiran Alamedaraino etorriko dira».
Eguerdiko etenaldia eta gero, ekintzak 16:00etan hasiko dira. Alde batetik, Astilleruko arlanpara joanda, paddlean ibiltzeko aukera edukiko dute herritarrek. Latxanbre enparantzan, ostera, ohe elastikoa, arku tiroa eta beste hainbat ekintza egingo dira. Eta tartean, aurtengo berrikuntza bat: ginkana. «Aurten balioetan oinarritutako ginkanaren aldeko apustua egin dugu. Jolasa gidatuko dutenek adin ezberdinetako umeak nahastuko dituzte, elkarren artean harremantzeko. Hau da, kuadrillak nahastu egingo dituzte».
Ostean egingo dira Umeen eta Nagusien Txapel Jaurtiketa Inklusiboak. Gero, denak buruan txapela jantzi eta Txirrimorraskikoek txapel handia hartuta, kalejiran joango dira Musika Plazaraino. Eta han erromeria (Obaneuke taldea) eta kontzertua (Errietan taldea) egongo dira, berandura arte.
Eguraldi txarra egingo balu, goizeko mendi irteera goizean bertan erabakiko lukete egin ala ez egin. Umeentzako arratsaldeko ekintzei dagokienez, Zaldupe eskola publikoko jolastokian egingo lirateke, eta erromeria eta kontzertua, berriz, Gaztetxean. «Ahaleginduko ginateke Gaztetxean hegaluze errea ere prestatzen. Eta nagusien txapel jaurtiketa, azkenik, ateri legokeen momentu baten egingo genuke, Latxanbre enparantzan».