Aulestiko XIV. Ermitarik Ermita martxak 676 lagun batu ditu
Ia 100 ibiltarik izena eman dute martxa hasi aurretik gaur; umore ederrean eta euririk barik egin dute ibilbidea martxa luze, berezi zein laburrekoek.
Erroturik dagoen mendi martxa da Aulestiko Ermitarik Ermita, eta gaurkoan ere [urriak 19, zapatua] asko izan dira urteroko hitzorduari hutsik egin ez diotenak. Herrikoak eta eskualdekoak asko eta asko eta eskualdez eta lurraldez kanpokoak beste zenbait bildu dira hamalaugarren martxan. 585 lagun zeuden izena emanda, eta plazan 91 lagun gehigok izena eman dute gaur goizean, martxei ekin aurretik.Â
Ohi legez, 08:00etan hasi dira martxan ibilbide luzekoak (25 kilometro) eta berezikoak (29 kilometro): San Anton, Goierri, Urregarai, Malax, Ibarrola eta Garatxaga zituzten aurretik. Lekerikan banandu egin dira, eta lehengoek Aulestirako bidea hartu duten bitartean, bigarrenek Iluntzarrerako gorako bidea hartu dute.
Ibilbide laburreko parte hartzaileak 10:30ean batu dira herriko parkean, eta familia eta lagun giroan ekin diote aurretik zituzten 10 kilometroei. Ibarrolan zenbiltzan 11:00ak jo aurretik, eta han, martxa luzeko batzuekin nahastuta jarraitu diote bideari. Gehienak oinez zihoazen, baina ibilbideko kilometro asko aringa-aringan egin duenik ere izan da. Ibilbidean janariz eta edariz hornitutako hiru gune eduki dituzte Urregaraiko zelaian, Garatxagan (San Paulo) eta Lekerikan.
Kopau ederra zeukaten guztiek zain helmugan. Eta horretarako, prestaketa lanean aritu dira plazako aterpean. Betiko modura, parte hartzaileek ez dute jan eta edateko ezer falta izan. Nahi zuenak frontoian dutxatzeko aukera ere eduki du.