Betiko izaerari eutsita ospatu dute VI. Txapel Egune Ondarroan
Eguraldiak antolaketan aldaketak eragin baditu ere, II. Txapel Ibilbidea eta kalejira normaltasunez egin ahal izan dira. Txirrimorraski denbora libreko taldea omendu du Zubi Zahar herri ikastolak, herriari egiten dion ekarpenagatik.
Irribarre eta barre algara artean ospatu dute gaur [urriak 19, zapatua] Ondarroan, VI. Txapel Egune. Goizean egin den II. Txapel Ibilbideagaz hasi da eguna. Alamedan bildu dira parte hartzaileak, eta Galdonarako bidea hartu dute. Handik Mutrikura eta berriro Galdonatik herrira itzuli dira, musika lagun.
Arratsaldean, Zaldupe eskolako jolastokian jarraitu du jaiak. Euria zegoen iragarrita eguerditik aurrera, eta hara lekualdatu dituzte umeentzako jolasak. Leaktibairen eskutik, hainbat jolasetan aritu dira ume eta gaztetxoak, taldeetan banatuta. Trebetasun fisikoa eta arrazoitzeko gaitasuna landu dituzte jolasen bitartez. Ondo baino hobeto pasatu dute ginkanan.
Ez dago Txapel Egunik txapel jaurtiketa barik. Unaxek, Noak eta Biramak bota dute txapela urrutien umeen lehiaketa inklusiboan. Eta irabazi ala ez, parte hartzaileek daukaten trebezia erakutsi dute, ikusleen animo eta txalo artean.
Omenduekin jolasean. Txirrimorraskikoek ere jaiari ekarpena egin nahi izan diote, eta beti-betiko jolasetan murgildu dituzte umeak. Nahikoa euri ari zen egiten kalejiran ateratzeko ordua ailegatu baino minutu batzuk arinago, eta horregatik jolastokian bertan egitekotan egon dira. Azkenean, baina, kalejiran atera ahal izan dira. Omenduek Txapela aurretik zutelarik atera dira ume eta nagusiak Zaldupetik, eta hurrengo jaigunera abiatu dira: Gaztetxera. Tartean, ohi legez, nagusien txapel jaurtiketa egin dute Alde Zaharrean: Haitz, Arkaitz eta Antton izan dira irabazleak.
Obaneuke taldeagaz erromerian eta Errietan taldeagaz kontzertuan amaitu dute balioak balioan jarri nahi izan dituen Txapel Egune. Mutrikuarrek 2011ko Ibilaldiko ‘Boga’ abestiagaz ezustean hartu dituzte Gaztetxean bildutakoak. Ordu txikiak arte iraun du jaiak.
Amaieran, Zubi Zahar herri ikastolak egunaren balorazioa egin du. Balorazio ona, euriak zenbait gauza baldintzatu arren, herritarrek ondo baino hobeto erantzun dute eta. Gaztetxean erromerian eta kontzertuan sortu zen giroa aparta izan dela nabarmendu dute. Eskerrak ere eman nahi izan dituzte, eskerrak beti ondoan egoteagatik: “Eskerrik asko euriagatik egin behar izan ditugun aldaketak aurrera eroaten lagundu diguzuenoi, Ondarroa Arraun Taldeari eta OGAri. Eskerrak baita ere babeste moduan partu hartu duzuen herriko saltoki eta enpresei, eta eskerrak hegaluzea erretzen egon diren boluntarioei. Zuek barik ezin izango genuen jaia aurrera atera. Zuengatik jai mundiala eduki dugu”.